Uztailetik maiatzera aurreratu data eta bigarrenez egingo dute Txakolin Eguna Kultura Sailak antolatuta. Getariako Txakolina izendapena duten bederatzi upategitako ordezkariak etorriko dira.
Herriko ekoizleak
Mitarte kalean jarriko dituzte postuak iaz legez, 12:00ak ingurutik 15:00ak bitartean, eta Aretxabaletako hiru ekoizle ere han izango dira mokadutxoa eskaintzeko; hiru txakolindegik osatutako gunea bakoitzean jateko postu bat izango da. Hona hemen izango diren upategiak: Aizpurua; Amestoi; Arregi, Etxetxo; Gañeta; Hiruzta; Mokoroa; Rezabal; eta Txomin Etxaniz. Kopa erosi eta bost txakolin edateko aukera izango da aurten ere, 5 euroren truke.
Trikitilariak eta Aretxabaleta Abesbatza
Eguerdi parte hori herriko trikitilariek eta Aretxabaleta Abesbatzak girotuko dute. Hainbat eratako kantuak abestuta ordubete inguruko saioa egingo dute azken horiek Mitarte kalean bertan.