Bidaietan bizitako esperientziak herritarrekin partekatzeko sortutako egitasmoa bosgarrenez dator maiatzean, Udalaren eskutik eta Arteman Komunikazioaren laguntzarekin. Nobedadearekin dator, gainera, bestelako bidaia esperientzien bila joan direlako aurtengoan, ikasleek atzerrian bizitakoen bila hain zuzen ere.
Hiru elorrioar eta gasteiztar bat
"Asko dira atzerrira jotzen dutenak ikastera, trukeen bidez zein praktikak egitera. Bat-batean herrialde eta kultura desberdin batera ohitu behar izaten dira eta esperientzia bitxiak bizi izaten dituzte. Halakoak dira edizio honetako laurak", jakinarazi dute antolatzaileek. Mondragon Unibertsitateko ikasleak dira, hiru elorrioarrak: Guatemalan indigenekin egon den Elene Aizpuru; ikasketak Kanadan egin dituen Miren Aranzabal; eta Hezkuntza bereziko praktikak egiten Txilen egon den Irati Borge. Laugarrena, ostera, gasteiztarra Mexikoko kulturarekin "maiteminduta" itzuli den Anne Baskaran.
Irabazleak 100 euro
Lau ikasleek Aretxabaletako taberna banatan emango dute bidaiaren berri argazkiek lagun eginda. Eguenetan izango dira emanaldiak, maiatzaren 18an hasita, eta bakoitza bukatutakoan ikusleek botoa eman ahal izango dute kontakizuna baloratzeko: "Edonork egin ditzakeen bidaietarako ideia iturri izateari eman nahi diogu garrantzia antolatzaileok", diote. Publikoak gustukoen duenak 100 euro jasoko ditu saritzat.
Lau kontalaiak
Guatemalako indigenekin (Maiatzaren 18a, 21:30, Paulaner taberna)
Elene Aizpuru Huheziko ikasleak hiru hilabete egin zituen Guatemalan. Indigena familia batekin bizi izan zen eta eskola txiki batean egin zituen irakasle praktikak. Herrixkak, oihanak, sumendiak eta kulturak ere ezagutu zituen.
Ikasketak Kanadan (Maiatzaren 25a, 21:30, Express taberna)
Miren Aranzabalek enpresa-ikasketen azken lau hilabeteak Toronton (Kanada) egin zituen. Torontoz gain, Montreal, Ottawa eta New York bisitatu zituen, baita bizipen ahaztezinak bizi ere, elurtea, esaterako.
Praktikak Txilen (Ekainaren 1a, 21:30, Haizea taberna)
Irati Borgek Hezkuntza Berezia ikasten dihardu Huhezin, eta down sindromedunekin lan egiten duen elkarte batean egin zituen praktikak. Santiago hiriburuan zein Txile hegoaldean bizi izan zen eta herrialdea ezagutzeko aukera izan zuen.
Mexikoko kultura (Ekainaren 8a, 21:30, Dagda taberna)
Anne Baskaranek Ikus-entzunezko ikasketen hirugarren maila egin zuen Mexikon eta bizipen asko ekarri ditu: hildakoen eguna Michoacaneko hilerrian, Mexikoko golkoan kayakean, Ozeano Barean…