Berdintasunaren eta integrazioaren aldeko spot onenak sarituko dituzte gaur. Publizitate arloan euskararen erabilera hedatzea eta euskaraz lan egiteko gai izango diren profesionalen harrobi lana egitea du helburu Gipuzkoako Foru Aldundiak Aretxabaletako Udalarekin, Mondragon Unibertsitatearekin, Arizmendi Ikastolarekin eta Arteman enpresarekin batera antolatutako sariketak.
Aurten, 51 lan jaso dituzte
Jasotako lanen kopuruarekin eta kalitatearekin gustura daude antolatzaileak. "Orain arteko edizioekin alderatuz gorako hazkundea nabarmena izan da; aipatzekoa da jaso ditugun 51 lanetatik 30 hamazortzi urtetik beherakoek egindakoak direla. Horren azalpena da aurten Euspot eta orain arte Arizmendi Ikastolak antolatu duen BHKlip lehiaketa fusionatu egin direla; hortaz, 14-18 urte bitarteko parte-hartzaileendako sari bihurtu da garai bateko BHKlip zena. Kalitateari dagokionez ere pozik gaude; urtero jaso izan ditugu oso lan onak, horien artean badaude maila profesionalagoak dituztenak, baina, orokorrean, maila oso onekoak dira aurtengo guztiak, baita gazteenek aurkeztu dituztenak ere. Urtetik urtera lan hobeak edo landuagoak aurkezten direla ikusi dugu", dio Gorka Zubizarretak, antolatzaile taldeko Arteman enpresako kideak.
Parte-hartzaileen profilari begiratuta, adin ezberdinetako ikasleak, ikus-entzunezkoen arloan jarduten duten profesionalak eta euskararekin edo proposatutako gaiarekin lotura duten sortzaileak daudela dio Artemanekoak: "Ikasleei dagokienez, batetik, Mondragon Unibertsitateko ikasleek hartu dute parte, baita gazteagoek ere; aurten lehiaketaren antolatzaile taldean izan den Arizmendi Ikastolakoez gainera, Debagoieneko beste hainbat ikastetxetatik ere bidali dizkigute lanak. Jatorriari begiratuta, bailarakoez gainera, kanpotik ere lan asko jaso ditugu: Donostiatik, Bilbotik, Gasteiztik, Errenteriatik, Oriotik, Trebiñutik... Badira aurreko edizioetan izan diren egile batzuk, baina gehienak berriak dira".
Aniztasunaren aurpegi asko
Aniztasunak aberastu egiten gaitu izan da aurten proposatu duten gaia: "Gai zabala izanda, nork bere irakurketa egitea zen gura genuena. Horrenbestez, lan guztiek aniztasuna balioan jarrita, besteak beste, diskriminazioari, elkarbizitzari eta giza eskubideei buruz egindakoak jaso ditugu".
Euspot.eus atarian daude ikusgai aurten aurkeztutako lanak, baita orain arteko edizioetan saritutako lanak ere. "Lehiaketaz harago, beste ekimen batzuekin elkarlanean, saritutako iragarkiak hainbat tokitan ikusteko aukera eskaintzen dugu: Durangoko Azokako Irudienea gunean, Topagunea elkarteak bultzatzen duen Laburbira euskarazko film laburren zirkuituan, eta, horrez gainera, EITBren Zinez saioan".
Sari-banaketako ateak zabalik
Lau sari banatuko dituzte eguenean: Sari nagusia (1.000 euro); MUko ikasleen saria (500 euro); BHKlip saria (250 euro) eta publikoarena (500 euro). "Martitzenean bukatu zen publikoaren saria bozkatzeko aukera eta 2.800 bototik gora jaso ditugu. Arkupen epaimahaiak aukeratutako 20 lan eskainiko ditugu, eta sariak banatu ondoren luntxa izango da. Umoretik joko du ekitaldiak, Aitziber Garmendia eta Iker Galartza aktoreak dira-eta aurtengo jaialdiko aurkezleak. Interesa duen edonorentzako daude ateak zabalik; beraz, gonbidatuta zaudete!"