Udaberriaren algara eta festa Basabeazpin

Basabeazpi gunean udaberria iritsi dela ospatzeko festa egin dute. Jolasak, antzerkia, tailerrak... gaztetxoek primeran pasatzeko aukera mordoa izan dute. Eguna txokolatearekin eta argitxori agur esanez borobildu dute.

Zapatua izan arren, Basabeazpiko ikasleak goiz jaiki dira gaur, 10:30ean ekin baitiote hamabigarren urtez Udaberri Jaia ospatzeari.

Etxeko txikiek eguna jolasekin hasi dute, eta ondoren, eguraldia lagun zutela, ibilaldiaren txanda iritsi da. Itxuraz, egindako ibilbidea ez da nahikoa izan, eta gazteek zein nagusiek kalejira bat ere egin dute herriko plazaraino. Bertan, taloak egiteko aukera izan dute, eta gazteek eskuak ez ezik, arropak ere irinez zikindu dituzte. Ikasleek baina, ez dute zikindutakoa ganoraz astintzeko aukerarik izan, berehala agertu baitira erraldoiak eta buruhandiak. Batera eta bestera iheska korrika egin ondoren, gaztetxoak gurasoekin batu eta mahaiaren bueltan eseri dira baba jana dastatzeko.

Arratsalde parrandazalea

Bapo bazkaldu eta gero, karaokearen txanda izan da. Hasieran mikrofonoa hartu eta abestera ausartu direnak gutxi izan diren arren, apurka-apurka gero eta jende gehiago hurbildu da Euskal Herriko doinu ezagunak kantatzera.

Urtero moduan, eguna, Argitxori agur esanez eta txokolatea dastatuz bukatu dute.