Ekitaldi asko egunotan Korrikaren etorrera girotzeko

Mirari Altube Arrese 2017ko mar. 31a, 15:27

Korrika batzordeko kideak petoekin, martitzenean.

Korrika batzordeak egitarau dotorea gertatu du lekukoa iritsi aurreko egunak girotzeko; gaur eta bihar hainbat ekitaldi izango dira, besteak beste, kantu poteoa, mendi irteera eta bertso emanaldia. Era berean gogorarazi du bazkarirako izena eman behar dela.

20. Korrikak atzo hasi zuen bere ibilbidea Otxandion, eta hurrengo zapatuan, apirilaren 8an iritsiko da Aretxabaletara. Herriko ikastetxe, elkarte eta erakunde askok eskuratu dituzte kilometroak, hamabost inguruk, eta  noiz etorriko zain daude. Etorrera hori girotzeko ekitaldi mordoa izango dira egunotan.

Lan eta lan jardun dute azken asteotan Korrika batzordeko kideek eta orain etorrerarako gogotsu daude: "Herritarrak ere gogotsu egon daitezen gura dugu eta horretarako herria girotuko dugu hemendik eta datorren zapatura artean", jakinarazi dute. Gaur arratsaldean materiala saltzeko denda jarriko dute, eta ondoren kantu-poteoa izango da. Gauean, ostera, Ane Labakak eta Beatriz Egizabalek Erradikalak gara bertso-antzerkia eskainiko dute.

Bihar, zapatua, Orkatzategira mendi irteera egingo dute; Urkuluko aparkalekuan (iturri alboan) elkartuko dira 09:00etan irteteko eta 11:30ean, talde argazkia aterako dute tontorrean txalapartariek girotuta. 19:00etan, ostera, Korrikaren aldeko pintxopotea izango da.

Bazkarirako izen-ematea zabalik

Lehenengo Korrika Txikiaren txanda izango da; hurrengo egubakoitzean, apirilaren 7an, 10:30ean egingo dute ikastetxeetako neska-mutikoek Pausoka haur eskolatik abiatuta. Eta arratsaldean, kontzertuekin girotuko dute herria.

Apirilaren 8a izango da egun handia, eta goizean goiz hasiko dituzte ekitaldiak dianarekin, buruhandiekin, dokean jokatuta eta beste hainbat konturekin. Korrika 13:30 inguruan pasatuko da eta ostean, bazkaltzeko elkartuko dira herritarrak. Zuk ekarri zuk jan bazkaria antolatu dute; antolatzaileek sagardo kupela, mahaiak eta aulkiak jarriko dituzte eta norberak eroango du bazkaria. Horretarako, baina, aurretik izena eman beharra dago udaletxe zaharrean edo euskara@loramendielkartea.eus helbidean; azken eguna da apirilaren 6a. Bazkalostean jaiak jarraitu egingo du; erromeria izango da lehenengo eta gero kontzertuak Pagaldaixenean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak