Pello Añorga idazlearen bisita izan zuten eguaztenean, eta Lehen Hezkuntzako lehenengo eta bosgarren mailakoekin elkartu zen kontu-kontari jarduteko. Aretoan txoko berezia eskaini diote hain zuzen Oiartzungo idazleari. Truke azoka ere egin dute astean, eta ikasleek zein gurasoek trukatu dituzte han liburuak.
Irakur Maratoia apirilaren 5ean
Urtero egiten duten Irakur Maratoia datorren eguaztenean izango da, apirilaren 5ean. Aretoa irakurketarako txoko bihurtuko dute eta han elkartuko dira ikasleak, irakasleak, gurasoak, eskolako langileak eta herritarrak. "Ekintza berezi bat egiten dugu urtero egun horretan, eta aurten, poesiak hainbat hizkuntzatan irakurrita emango diogu amaiera Literatura Asteari. Hizkuntza mordoa daude herrian eta gure ikastetxean, eta ilusio handia egiten digu ekitaldiak", adierazi du Gurutze Urrutiak eskolako ikasketa buruak.