Film laburren tranpolina

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2017ko mar. 25a, 09:00
Huhezinema jaialdiaren orain arteko edizioetako Goiena sariak.

Martxoaren 29tik 31ra bitartean egingo dute Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultateak antolatzen duen Huhezinema euskal film laburren jaialdia; ekitaldi guztiak doan eta publiko guztiarentzako zabalik izango dira, Arkupe kultura etxean.

Iban del Campo, Huheziko irakaslea eta hark gidatzen duen hogei ikaslek osatutako lan-taldea buru-belarri ari da hamargarren Huhezinema jaialdiaren puzzlea osatzen. "Epaimahaikideen azken balorazioak jasotzen, gonbidatuendako lekuen erreserbak egiten eta bestelako detailetxoekin ari gara. Asko hazi da; urtero moduan, lehiaketako hiru sailetako lan onenak eskainiko ditugu, baina, urteurrenaren aitzakian, bestelako filmak ikusteko aukera ere izango da: euskarazko film luze bat eta estreinatu gabeko lan bat daude, horien artean. Era berean, Huhezi fakultatearen 40. urteurrenari ere keinua egingo diogu", azaldu du Iban del Campok.

Goi mailako lanen uzta oparoa

Oinarrian ikasleek antolatutako zinema jaialdi xumea, poliki-poliki, Euskal Herriko film laburren sortzaileendako erreferentziazkoa bihurtu dela diote antolatzaileek: "Hamar ediziotan, 916 lan jaso ditugu, –aurten 98– eta orain arte 86 lan saritu ditugu eta beste zortzi sari banatuko ditugu datorren astean. Jasotakoen kopuruaren bilakaera gorantz joan da. Hasierako urteetan 40 lan inguru jasotzen genituen, baina, seigarren edizioan on-line banaketa sistema jarri genuenean sekulako jausia izan zen; harrezkero, urtero 100 lan inguru jaso ditugu. Kalitateari dagokionez ikusi dugu, euskal film laburren sormenerako gaitasuna oso anitza eta goi mailakoa dela, lantzen dituzten gaiei eta generoari begiratuta. Azkeneko urteetan lan esperimental asko jaso ditugu, eta, baita emakumeek zuzendutako gehiago ere. Aipatzekoa da, baita ere, aurten Basque Culinary sailean Unibertsitatetik kanpoko lan asko jaso ditugula".

Hamar urtetako ikuspegiarekin, jaialdia profesional askoren zirkulua ixteko baliagarria izan dela gaineratu du del Campok: "Adibide asko ditugu, esaterako sortzaileei dagokionez: lehenengo film laburra egin, lehiaketa irabazi, eta geroago ikusi dugu zinegile moduan ibilbide oparoa egin dutela, eta epai-mahaikide moduan izan direla geroago. Ikasleei begiratuta ere hainbat zirkulu itxi dira: lehenengo aldiz jaialdian aurkezle lanak egin eta gaur egun telebistetako aurkezle profesionalak diren hainbat daude. Edota ekoizle profesional moduan master class-a ematera etorri zen ikasle ohia... Horrek erakusten digu egiten dugun lanak merezi duela".

Iazko Goiena sariarekin, 'Ilunabarra

Euskarazko film labur onena saritzen du Goiena Sariak. Dirusariari iaz, sari praktikoagoa gehitu zioten, Ogeita4 Camera Solution enpresarekin elkarlanean, euskarazko beste film labur bat egiteko, kamera profesionalen ekipamenduaren alokairua, hain zuzen ere. Hori horrela, Aitor Gametxok –iazko irabazleak– Ilunabarra lana erakutsiko du eguenean, 16:00etan. "Gametxoren lan guztiak bezala, dokumental esperimentala da, edo, dokumentalaren eta fikzioaren mugan dagoena. Martxoan Iruñeako Punto de Vista jaialdian estreinatu berri duen Cicha Symfonia filmaren jarraipena da. Orain arte ez da inon eskaini, guk ere ez dugu oraindik ikusi; beraz, estreinaldi mundiala guztiontzako!", dio Iban Del Campok.

Mimoz zaindutako jaialdia

Modu batera edo bestera, –lehiakide, antolatzaile, gonbidatu edo epai-mahaikide izan–, euskal zinemagintzako onenak izan dira Huhezineman. "Sortzaileen artean izen asko aipa genitzake: Asier Altuna, Kixi; Koldo Almandoz; Kepa Sojo; Telmo Esnal... Master class-ak eman dituztenen artean ere ezagun asko: Fermin Muguruza; Michel Gaztanbide; Moriarti Ekoiztetxekoak... Eta hortxe dago, epai-mahaikideen zerrenda ere: Martxelo Rubio, Begoña del Teso, Gorka Bilbao...".

Urtetik urtera parte-hartzaileen feedback ona jasotzen dute: "Proiekzioak asko zaintzen ditugu eta hori asko estimatzen dute. Era berean jaialdi txikia izanik, giro atsegina eta etxekoa sortzen da. Herri  baten egiteak baditu trabak, baina, orokorrean, abantailak ere, asko dira".

Huhezinema jaialdiaren egitaraua

Aretxabaletako Arkupe kultura etxean izango dira saio guztiak; publiko guztiarentzako irekiak eta doan dira.

Martxoak 29
10:00-14:00: Juan Palaciosen Pedaló film luzearen emanaldia eta Master Class-a.
16:00-17:00: 40 urtean euskaraz eragiten dokumentalaren aurkezpena (Iñaki Bilbao eta Adrian Alonso). Huhezi fakultatearen ibilbideari buruzkoa.
17:00-18:00: Iazko Donostiako Zinemaldian egin zuten Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketan Orona saria jaso zuten bi film laburren emanaldia.
18:00-19:00: Basque Culinary saileko film laburren emanaldia.

Martxoak 30
9:30-13:00: MU-ko ikasleen saileko film laburren emanaldia.
16:00-17:00: Iaz Goiena saria irabazi zuen Aitor Gametxoren Ilunabarra film labur berriaren emanaldia eta egilearekin solasaldia.
17:00-19:00: Lehiaketaz kanpo, film laburren emanaldia.
19:00-23:00: Hamargarren urteurreneko luntxa eta jaia.

Martxoak 31
16:00-19:30: Sail Ofizialean hautatutako film laburren emanaldia.
20:00-20:30: Sail guztietako sari banaketa.
21:00-22:00: Luntxa.
22:00-24:00: Mery May  musikariaren kontzertua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak