Ibarra kiroldegiak %91,4ko autofinantzaketa lortu du

Mirari Altube Arrese 2017ko mar. 23a, 19:30

Iazko abenduan abonatu kopurua 2.769ra iritsi zen eta Udaleko kirol arduradunak oso pozik daude. Kirol jardueren ardura duen Athlonek, ostera, Spa Gym Corner zerbitzua jarri du abian: lau bizikleta, bi ohikoak eta bi eliptikoak, daude igerilekuan eguaztenetik.

Spa Gym Corner zerbitzu berria jarri dute abian Ibarra kiroldegian. Lau bizikleta jarri dituzte igerilekuan –oraingoz umeen igerilekuan–, bi ohikoak eta beste bi eliptikoak, eta 14 urtetik gorakoek erabili ahal izango dituzte. "Ordutegirik ez dugu zehaztu oraingoz, eskaeraren arabera izango da", jakinarazi du Asier Mujika kirol teknikariak.

Osasuna lantzeko gunea

Beste bi urterako –lau urtera luzatzeko aukerarekin– eman zion Ibarrako kirol jardueren ardura Athlon enpresari Udalak otsailean, eta orain, beste zerbitzu bat eskaini gura izan die erabiltzaileei: "Kiroldegi arrunta izan beharrean osasuna landuko duen zentro baterantz jotzea da gure asmoa; horregatik zerbitzu berriak eskaintzen jarraitu gura dugu", jakinarazi du Iñigo Murgiondok, Athlonen ordezkariak Ibarra kiroldegian, eta gaineratu du: "Igerileku ederra dugula jakinik eta hori hainbatek erabiltzen dutela oinez jarduteko edo korrikan egiteko ikusita ariketa fisikoa beste era batera egiteko baliabideak jarri gura izan ditugu. Uraren erresistentzia aprobetxatuko dugu, hainbat patologia dituztenendako onuragarria delako".

2.800 abonatutik gora orain

Zerbitzua aurkeztearekin batera kirol ordezkariek iazko datuen berri eman gura izan dute "pozgarriak" direlako: "2.769 abonaturekin bukatu genuen 2016a. Eta une honetan 2.800dik gora gara. 2015a eta 2016a alderatuz gero, gainera, %15,3ko igoera izan da; hortaz, oso pozik gaude", jakinarazi du Mikel Uribetxebarriak, Kirol zinegotziak.

Antolatutako jardueretan izandako parte-hartzeari ere garrantzi handia eman diote: "2015 eta 2016 ikasturteko jardueretako partaide kopurua izan da 4.615; iazko ikasturtearekin alderatuta %33ko igoera izan du". Era berean, herritarrek asko erabiltzen duten instalakuntza dela azpimarratu gura izan dute: "Iaz 134.540 erabilera izan zuen kiroldegiak, horiek dira sarrerako tornutik pasatutakoak. Datuok dira, gainera, kontuan hartu barik ikastetxeetako gaztetxoen joan-etorriak".

Hori horrela, autofinantzaketa %91,4koa izan zela 2016an jakinarazi du Uribetxebarria zinegotziak: sarrerak, 667.370 euro, gastuak 730.000 euro eta defizita 62.635 euro. "Horrek esan gura du erabiltzaileen eta abonatuen diru-sarrerak oso garrantzitsuak direla. Eta emaitza bikaina dela".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak