Bidaietako esperientziak partekatzeko bosgarrenez dator Ostegun Bidaiariak

Eider Murgoitio bidaiaren berri ematen iaz.

Bidaietan izandako esperientzien berri emango dute herriko hainbat tabernatan, eguenetan, maiatzaren 25ean hasi eta ekainaren 15era bitartean. Bidaietako esperientziak partekatzeko helburuarekin sortutako ekimenak bost urte beteko ditu.

Kontalari izateko izen-emate epea astelehenean, martxoaren 20an, zabalduko dute. Bidaiaren laburpena eta argazkiak Gazteria Zerbitzura bidali behar dira: gazteria@aretxabaleta.eus edo 943 71 18 62.

Argazki bidezko emanaldiak

Aurkeztuko diren bidaiek azken bost urteotan egindakoak izan beharko dute; edozein eratakoak onartuko dituzte: ikasketa bidaiak, praktika-aldiak, opor-bidaiak, exotikoak, gertukoak… "Bosgarren edizio honetan erabaki dugu Debagoienean hain ugariak diren ikasleei, bertakoak zein kanpokoak, keinu berezi bat egitea. Horregatik, ikasketak edo bestelako arrazoiak medio kanpoan egin izan duten egonaldien berri jende aurrean ematera gonbidatu ditugu", jakinarazi dute antolatzaileek.

Izena ematen dutenen artetik lau aukeratuko dituzte eta horretarako irizpidea da diaporamen kalitatea eta bidaiaren egingarritasuna eta praktikotasuna. Aurkezpenak euskaraz egingo dituzte eta ordu erdi eta ordubete artean iraungo dute.

Publikoaren saria

Emanaldiak, orain arte legez, hainbat tabernatan izango dira, eguenetan, 21:30ean; hona egunak: maiatzak 25, ekainak 1, ekainak 8 eta ekainak 15.

Ikusleek emanaldi bakoitza bozkatzeko aukera izango dute, eta hala, irabazlea aukeratu. Publikoaren saria 100 euro izango da. Bestalde, parte hartzaile guztiek 50 euroko sari-ordaina izango dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.