Elkarteak 975 bazkide ditu egun; horietatik 570 dira emakumeak (%58,5) eta 405 gizonak (%41,5). Eta atzoko batzarrean hogei bat lagun elkartu ziren zuzendaritza batzordeko kideen azalpenak bertatik bertara ezagutzeko.
100.000 euro inguruko aurrekontua
Diru kontuen berri eman zien Iñigo Olabe diruzainak, eta jakinarazi, 2016ko sarrera errealak 109.765 euro izan zirela, eta gastu errealak, 108.993 euro. 2017rako, ostera, aurrekontua zertxobait jaistea aurreikusi dute, eta sarrerak 98.700 euro izango direlakoan daude, eta gastuak 99.120 euro; hortaz, 420 euroko defizita egongo da. Aurrekontu horren diru mugimendurik handiena bidaietarako izaten dela argitu zuen, %75 hain zuzen ere. Hala, 2017rako 75.000 euro gastatuko dituztela bidaietan aurreikusi dute, eta hortik, 74.000 euro finantzatuko dutela; hori horrela, 1.000 euroko defizita izango dute.
Urteko jardueren plangintza
Iazko egitaraua oinarri hartuta aurtengo jardueren plangintzak ez duela izango aldaketa handirik iragarri zuen Jose Inazio Isasmendi presidenteak. Kultura ekitaldiei dagokienez, hitzaldiak izango dituzte (Internet bidez zelan erosi, Etxeko arriskuak zelan saihestu…); memoria lantzeko tailerra; eta kulturari eskainitako astea, irailean. Gainera, kantu taldeak eta dantza taldeek (euskal dantzen taldea eta aretoko dantzena) lanean jarraituko dute orain arte legez, eta iazko ekitaldiak gutxienez, errepikatuko dituztela iragarri zuen Isasmendik.
Bidaiei dagokienez, egun bakarreko irteerak (Azpeitia, Burgos, Kantabria, Nafarroa…) eta astebetekoak uztartuko dituzte. Apirilaren 17tik 23ra, esaterako, Almeriara joango dira; ekainean, Kroaziara; eta urrian, Asturias eta Galizia aldera.
Elkarteko egunak ospatzen jarraituko dutela jakinarazi zuen, hala nola, Aingeru Guarda eguna, Santa Luzia eta Santo Tomas. Eta herriko elkarteekin lankidetzan jarraitzeko asmoa ere agertu zuen: Euskararen Eguna, Kirolaren Eguna, Korrika 2017… Eta herrian zein inguruan antolatzen diren mus eta tute txapelketatan izango direla ere aipatu zuen, baita doke txapelketa antolatzen jarraituko dutela ere.
Zuzendaritza aldaketa
Zuzendaritza batzordea ere berritu zuten atzo, egubakoitza, egindako batzarrean. Otsailean bazkideei dei egin zien batzorde horretarako boluntario eske, eta "kostata" izan arren topatu dituzte ordezkoak. Hona hemen: Pedro Etxebarria, Ramiro Gomez, Nieves Gonzalo, Isabel Olivenza eta Jose Rodriguez. Eta hauekin batera izango dira batzordean aurretik zeuden honako hauek: Xabier Zaloña, Tere Artano, Kontxi Romano eta Jose Gato. Batzordea, ostera, bost lagunek utziko dute: Gloria Elorza, Floren Elortondo, Iñigo Olabe (diruzaina), Jose Inazio Isasmendi (presidentea) eta Txaro Villar.
Kargu banaketarik ez zuten egin batzarrean. Horretarako bilera datorren martxoaren 27an egingo dute.