Martxoaren 8ak aldarrikapena eta festa giroa egin ditu bat. Martxoaren 8a egunero izan behar dela aldarrikatzeko, topaleku izan zen Herriko Plaza, eta han elkartu ziren herritarrak eta udal ordezkariak. Ondoren, Cincomonos talde kataluniarraren antzezlana izan zuten Arkupen.
Emakumeen Nazioarteko Eguneko ekitaldiek jarraipena izango dute domekan, Aresko saskibaloi taldeak antolatutako Emakumeen Martxarekin. 11:00etan hasiko dituzte ekitaldiak Eskoriatzako plazan eta Jasone Diaz de Gereñu omenduko dute (11:45), eskubaloian ibilbide oparoa izan duen eskoriatzarra. Aretxabaletarantz abiatuko dira ondoren, batzuk oinez (4 kilometro) eta beste batzuk lasterka (7 kilometro). Herriko Plazara iritsitakoan Agurtzane Elkoro omenduko dute, saskibaloian lehenengo eta futbolean gero izandako ibilbideagatik eta azken urteotan UDAn egindako lanagatik.