Iazko leloarekin bat egingo dute: Martxoak 8, egunero izan dadila. "Aldarrikapen hori oso egunekoa ikusten dugu eta mezuarekin bat gatoz erabat", jakinarazi du Ongizate Saileko zinegotzi Karmele Uribarrik, eta gaineratu du: "Herritarrak gonbidatuta daude ez bakarrik aldarrikapen agerraldira, baita beste ekitaldietara ere".
Egun horren harira, Eudelek aldarrikatu ditu emakumeen parte-hartzea eta ordezkaritza orekatua politikan, eta Udalak bat egin du horrekin. Hainbat konpromiso ere eskatu ditu Eudelek Berdintasunerako Europako Gutunetik jasotakoak.
'La mujer (de)' antzezlana
Elkarretaratzea bukatutakoan Cincomonos talde kataluniarrak La mujer (de) antzezlana eskainiko du Arkupen, 19:00etan (sarrera, 4 euro). Jorge Salinas zuzendariaren aginduetara jardungo dute Lucia Jurjo, Cristina Fabregat eta Izaskun Martinez aktoreek. Hiru emakumeek bakarra antzeztuko dute: emakume baten barrenerako bidaia, hain zuzen ere. Eta bukatutakoan, mokadutxoa eskainiko diete elkartutako guztiei.
EH Bildu konforme ez
EH Bildu, ostera, ez da konforme agertu Udalaren jarrerarekin: "Aretxabaletako Udalak, berriro ere, hutsaren hurrengoa balitz moduan landu du gaia. Kontzentrazioaren eta antzerkiaren antolamenduak ez du inongo lanketarik eduki. Pena da, berriro ere, galdu den aukera: Berdintasun batzorde barik oso zaila da gauzak lantzea eta aurrera ateratzea", adierazi du Ion Albizu zinegotziak. Era berean, Eudelek proposatutako adierazpena "bere egiten" dutela dio: "Konpromiso zehatzak aipatzen dira eta konpromisoak betetzeko direnez, ezin dugu Udalarekin batera horrelakorik sinatu", eta gaineratu du: "Konpromisoak ezin dira aurpegia zuritzeko trapuak izan".
Dena den, Martxoaren 8an Udalak deituta duen elkarretaratzean parte hartuko dutela jakinarazi du, eta herritarrak ere horretara gonbidatu dituzte.
Emakume taldearen deia
Aretxabaletako Emakume Taldeak ere egun horren bueltan egingo diren aldarrikapen ekitaldietan parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak.