Herriko Landaketa Taldiek dinamizatutako ekimena izan da zuhaitz landaketa, eta Arizmendi Ikastolako Almeneko eta Kurtzebarri eskolako hainbat ikasle eta guraso izan dira beste urte batez zuhaitzak landatzen.
Landaketa taldeko Martxi Perezek azaldu du dagoeneko Urkulu "ondo hornituta" dagoela garai batean han egiten zituztelako Zuhaitz Eguneko landaketak, eta oraingoan, MUren fakultate atzealdean landatu dituztela, Udalaren lurretan, eta mintegi moduan erabiliko duela hori Udalak.
Bertan utziko diete zuhaitzei hazten, eta Udalak beharra daukanean, zuhaitz horiek bertatik hartu ahal izango ditu. "Landaketa egiteko tokiaren baldintzak dira eremua publikoa izatea eta umeak joateko sarbide errazekoa izatea. Baina azkeneko lau urtetan horrelako herriko eremuak erabili eta gero, eremu horiek bukatu egin dira eta Udaleko Jose Mari Segoviaren proposamena izan zen MUren fakultate atzealdean dagoen zelaitxoan 70-80 zuhaitz landatzea, eta mintegi moduan uztea. Ideia polita izan da eta aurtengo esperientzia horixe izan da", adierazi du Perezek.
Hainbat motatako zuhaitzak
Aurtengoan zuhaitz hauek landatu dituzte: haritzak, arteak, urkiak, altzak, intsusak, urretxak eta gerizondoak. Guztira 70-80 zuhaitz inguru.
Umeak eta gurasoak gustura
Ume eta guraso asko izan dira aurten ere, beste urte batzuetako esperientzia errepikatu dutenak, eta gustura ibili dira aitzurra eskuan hartuta. "Begiratzen ditugu beste urte batzuetan landatutako zuhaitzak nola hazten diren; Untzillarako bideak landatutakoak begiratzen ditugu eta baita Urkulukoak ere. Ilusioa egiten du hostoekin eta hazten ikusteak", esan du guraso batek.