Ahal Dugu alderdiko Euskadiko idazkari nagusi Nagua Albak adierazi du herrietara ez direla bakarrik kanpainatan joaten, egunerokoan herritarren alboan egotea ere garrantzitsua dela goraipatu du, eta horregatik ari direla hilean behin gutxi gorabehera Ahal Dugu alderdiko hainbat ordezkari, Udaletan euren ordezkaritzarik ez dauden herrietara bisitak egiten, herritarrengandik "gertu" egoteko.
Kasu honetan, TTIP eta CETA merkataritza itunen gaineko xehetasunak ari dira ematen herritarrei, eskuorri batzuk banatuaz. EAJ, PP, sozialistak eta Ciudadanos horien alde agertu dira, eta Albak esan du itun horiei aurre egitea geroz eta zailagoa bihurtzen ari dela, izan ere, gaineratu du badirudiela estatu mailan parlamentuak ere horien alde egingo dutela, eta haren iritziz herritarren eskubideak "murriztu" egingo dira itun horiekin.
Adierazi du baita ere, Euskal Herriko hainbat udaletxetan egin den bezala, Europa mailan ere hainbat udaletxetan egiten ari direla itun horien kontrako ekintzak, eta horri guztiari buruzko informazioa ari direla helarazten herritarrei.
Oñatikoarekin, pozik
Urtarrila amaieran, esaterako, Oñatin ere izan ziren TTIP itunari buruzko xehetasunak herritarrei azaltzen, eta Albak adierazi du "jende asko" gerturatu zitzaiela eta "askok" erakutsi zutela interesa. Aurrerantzean ere, beste herri batzuetan izango direla baieztatu du, oraindik leku eta data zehatzak jakin ez arren.