MUren fakultatearen atzealdean zuhaitzak landatuko dituzte domekan

Mirari Altube Arrese 2017ko mar. 2a, 18:15
Neska-mutikoak eta gurasoak zuhaitzak landatzen iaz.

Zuhaitzaren Eguna egingo dute domekan, martxoak 5, eta besteak beste, haritzak, arteak eta urkiak landatuko dituzte. 11:00etan elkartuko dira Herriko Plazan eta handik joko dute landaketa gunera.

Aurten, MUren ikus-entzunezko fakultatearen atzeko partean landatuko dituzte zuhaitzak, Udalaren lurretan hain zuzen ere. Arizmendi ikastolako Almeneko eta Kurtzebarri eskolako ikasleei eta gurasoei dei egin die bertaratzeko. 11:00etan elkartuko dira Herriko Plazan, eta handik joko dute landaketa lekura. Eguraldi iragarpenek euria egingo duela esan arren Ingurumen Saileko arduradunek herritar guztiak animatu gura dituzte: "Azken urteotan ez dute hutsik egin izan eta aurten ere hala izango delakoan gaude. Martxoan sartuta gaude eta data ezin dugu atzeratu".

Bukatutakoan mokadutxoa

Haritzak, arteak, hurritzak, urkiak, lizarrak eta intsusak landatuko dituzte, besteak beste. Foru Aldundiaren mintegitik ekarriko dituzte horiek beste behin, eta domekarako gertu izango dira zuloetan sartzeko. Azken urteotan legez, herriko Landaketa Taldie izango dute lagun Udal langileek eta landatzera doazenek eta argibideak ere emango dituzte landatzen hasi aurretik.

Lanak bukatutakoan mokadutxoa eskainiko diete antolatzaileek ikasleei zein gurasoei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak