Santa Ageda neska-mutilen Txino dantza-rekin hasi da Aretxabaletan Aratusteetako desfilea eguerdi partean, eta ordurako desfilea pasako zen kaleetan herritar mordoa zegoen zer ikusiko zain. Seguru aurtengoak ere ez dituela dezepzionatu, izan ere inspirazio bila hainbat tokitara jo dute aretxabaletarrek: fikziora zein errelaitatera, historiara zein gaur egunera.
Karroza ikusgarrienetakoak izan dira, besteak beste, Pablo Escobar kolonbiarrarena eta bere lagunena edota UDAkoena, itsaso sakonean oinarritutakoa. Lehoi erregea musikaleko pertsonaiek ere ez dute hutsik egin beraien koreografiekin, ezta Micahel Jacksonen Thriller abestiaren bideoklipa irudikatu dutenek ere. Eta zarata handienetakoa eragin dutenak, Barbie eta Ken izan dira, beraien auto arrosarekin. Zarata bai, eta baita kea ere.
Desfiletik kanpo ere egon da mozorro deigarririk: Borussia Dortmundeko zaleen harmaila iskanbilatsua, esaterako; eta baita Pluton Diskoteka ere.