Kalteak zenbatzen dabiltza kiroldegian eta zelan aurre egin erabaki behar dute orain

Mirari Altube Arrese 2017ko ots. 24a, 17:00
Ibarra kiroldegia aldamioekin.

Ibarra kiroldegia zabalik dago astelehenaz geroztik eta zerbitzu guztiak abian daude. Aldamioak jarri dituzte barruan eta kanpoan apurtutakoak garbitu eta lanean hasteko, eta Udalak egunotan erabakiko du zein obra egin behar diren eta zelan finantzatu horiek.

Joan den aste bukaeran aldamioak jarri ostean, kiroldegiak eguneroko martxa hartu du. Zerbitzu guztiak abian dira astelehenaz geroztik eta erabiltzaileak normaltasunez dihardute: "Jendea harrituta dago kaltearen tamainarekin", adierazi du Udaleko kirol teknikari Asier Mujikak.

Aldamioak barruan eta kanpoan

Kiroldegi barruan jarritako aldamioekin segurtasuna bermatu gura izan dute, sarrerako eta harmailen gaineko sabai-leihoen segurtasuna, hain zuzen ere. Leiho horietako kristalak aldatzeko garabi bat etorriko da aurrerago: "Garabiarekin sabai-leihoko kristalak kendu eta berriak jarriko dituzte, baina kristal berriak noiz etorriko diren ez dakigu oraindik. Eskaera egiten den momentutik gutxienez sei bat aste beharko direla esan digute", jakinarazi du Mujikak.

Kanpoaldean ere jarri dute aldamioa, Deba ibai aldera ematen duen aldean, hain zuzen ere. Fatxadan apurtuta geratu diren kristalezko xafla guztiak kenduko dituzte horrekin. Xafla horien ordez zer jarri erabaki behar dute orain, eta horretarako kiroldegia diseinatu zuten arkitektoekin izan dira: "Arkitektoek proposamen bat aurkeztu digute, fatxadara lotuta joango litzatekeena eta segurtasun aldetik behintzat bermeak emango lituzkeena", dio Mujikak, baina oraindik ez dute inolako erabakirik hartu. Unai Elkoro alkateak zera gaineratu du: "Barruko egitura agerian geratu da orain kristalezko babesgarri hori jausi denean, hortaz, hori babestea komeni zaigu lehenbailehen euriarekin arazorik izan ez dezagun. Zer jarri horretarako erabaki behar dugu, baina seguru egon kristalik ez dugula berriz erabiliko!"

Eguzki plakak apurtuta

Otsailaren 13ko haizeteak beste kalte batzuk ere eragin zituen kiroldegian: "Hogei bat eguzki-plaka apurtu zituen, eta aire girotuak eta tximiniaren batek ere kalteak izan dituzte", adierazi du Elkorok. Horrez gain, solariumeko belarra kristalez beteta dago eta hori zelan garbitu erabaki beharra daukate.

"Egunotan gabiltza egiten kalteen estimazio zehatza eta aurrekontua egingo dugu gero", esan du Mujikak. Zein lan diren egin beharrekoak zehaztuko dute lehenengo eta horrela jakingo dute zein kostu izango duten horiek. Behin hori guztia mahai gainean jarrita zelan finantzatu erabakiko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak