Aratusteak 2017

Aratuste-jaiak hasteko gertu daude kuadrillak

Mirari Altube Arrese 2017ko ots. 24a, 09:41

Kuadrilla bat iazko desfilean.

Musika eskolak antolatutako Egubakoitz Mehe eguneko ekitaldiekin hasiko dituzte mozorro festaren ospakizunak gaur, eta jaiak domekan egingo du eztanda: muntaia ikusgarriek, mozorro dotoreek eta parrandarako gogoak bat egingo dute kaleetan.

Gaurko Egubakoitz Mehe eguneko ospakizunekin batera murgilduko dira herritarrak Aratuste jaietan. Leizarra musika eskolako txistulariek, gaitariek eta dantzariek 17:30ean eskainiko dute ikuskizuna Herriko Plazan.

Mozorro jaiak, baina, domekan egingo du eztanda herriko kaleetan. Sekretupean egin dute lan kuadrillek –gaztetxo zein heldu– azken hilabeteotan, askok Azbe lantegian, eta etzi egingo duten kalejiran erakutsiko dituzte horiek. Ondoren bazkaltzeko elkartuko dira Ibarra kiroldegian 600 lagunetik gora, eta Mikel DJak girotuko die bazkalostea. Mozorro dotoreenek saria izango dute beste behin, eta domeka agurtzeko Santa Ageda neska-mutilen azken dantza saioa izango da plazan.

Aratuste-martitzena

Martitzenean bigarren mozorroari helduko diete ikastetxeetako neska-mutikoek. Goiz partean dantzan egiteko elkartuko dira txarangak lagun eginda: 5 urtekoek Txino dantza eta 2 urtekoek beste dantza bat. Eta gero Aratusteetarako asmatutako dantza egingo dute guztiek elkarrekin. Arratsaldea, txarangak eta buruhandiek girotuko dute, 20:00etan Txinen hiletarekin agurtzeko aurtengo jaiak.

Egitarauak

Aratuste-domeka
• 10:00 Diana txistulariekin.
• 11:45 Txino dantza Santa Ageda neska-mutilen eskutik.
• 12:00 Kuadrillen desfilea. Ibilbidea: Araba ibilbidea, Mitarte, Durana, Errekabarren, Andramari, Mitarte, Durana eta Herriko plaza.
• 13:00 Kalejira Akelarre txarangarekin.
• 14:30 Herri bazkaria Mikel DJak girotuta kiroldegian.
• 18:00 Kalejira kiroldegitik Herriko Plazara.
• 18:45 Mozorro lehiaketaren sari banaketa ekitaldia.
• 19:00 Santa Ageda neska-mutilen azken dantza saioa.

Aratuste-martitzena
• 10:00 Neska-mutikoen dantzak Herriko Plazan.
• 11:00 Irulitza txarangarekin kalejira; jarraian Lehen Hezkuntzako ikasleek Aratusteetako dantza egingo dute.
• 16:00 Irulitza txarangarekin kalejira.
• 17:30 Buruhandien kalejira Irulitza txarangarekin.
• 20:00 Txin-en hileta, Santa Ageda neska-mutilen eskutik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak