"Parte-hartze kultura landu egin behar da eta herritarrak ahalduntzeko tresnak jarri gura ditugu eskura guk", jakinarazi du Ion Albizuk, EH Bilduko zinegotziak. Eta horretarako hainbat tresna eskainiko dituzte, besteak beste, webgunea, Atx aldizkaria, bideoak eta hitzaldiak.
Hitzaldiak EHBilgunean
Atx aldizkariaren bigarren zenbakia datorren astean banatuko dute etxe guztietara: "Jon Sarasua eta Paloma Martinezen arteko elkarrizketa jaso dugu eta aurrekontuen berri eman beste hainbat konturekin batera", dio Albizuk.
Webgunea ere jarri dute abian eta aldizkariko edukiak jasoko dituzte han –sakonago landuta batzuetan– beste hainbat konturekin batera. "Bideogintza ere landuko dugu. Hainbat gairen gaineko bideoak sortuko eta emango ditugu webgunean, eta whatsapp bidez zabaldu ere bai", adierazi du Albizuk.
Horrekin batera, trebakuntza saioak eskainiko dituzte Herriko Plazan duten EHBilgunean, eta martxo eta apirilerako hiru hitzaldi iragarri dituzte.
Martxoaren 7an, Hodei Zenikaonaindiak espazio publikoaren humanizazioaren gainean egingo du berba. Martxoaren 21ean, hezkuntza proiektu ezberdinen gainean jardutera etorriko dira hainbat kdie. Eta apirilaren 4an, Rebeka Ubera legebiltzarkideak Bizitza aktiboa, osasuna eta herrigintza hitzaldia eskainiko du.