Basotxo: lanean jarraitzeko ordezko bila

Basotxoko zuzendaritza batzordeko hainbat kide.

Martxoaren 10ean egingo du batzar orokorra erretiratuen elkarteak eta zuzendaritzako hainbat kargu berritzeko boluntarioak gura dituzte; hain zuzen ere, orain arte egindako lan onari jarraipena emateko gertu dauden herritarren bila dabiltza.

Batzar orokorra egingo du Basotxok martxoaren 10ean eta zuzendaritza batzordeko bost kide aldatuko dituzte orduan; presidenteak, diruzainak eta hiru bokalek batzordea utziko dute eta beste bost bazkide sartuko dira horien ordez. Kargu horietarako boluntario bila dabiltza azken asteotan.

Herrian indarra hartzen

Jose Inazio Isasmendi presidenteak lau urte beteko ditu zuzendaritzan –bat idazkari lanetan eta beste hirurak presidente– eta beste batzuei lekua uzteko ordua dela uste du: "Bi urterako izan ohi da, eta nik beste bi ere egin ditut. Oso gustura egin dut lan baina ideia berriak dituen jendea sartzeko ordua da orain".

Basotxok 975 bazkide ditu eta azken urteetan egin den lanari esker elkarte garrantzitsua dela herrian uste dute zuzendaritza batzordeko kideek. "Gero eta gehiago deitzen digute handik eta hemendik, laguntzera joateko, adibidez". Eta orain arte egindakoari eutsi gura diote. "Hitzaldiak, bidaiak, ospakizunak... Ekintza asko egin ditugu urtean zehar eta horrek behera egiterik ez dugu gura. Horregatik oso garrantzitsua da lanerako gogoz dauden boluntarioak sartzea", diote. Iaz hamahiru bidaia egin zituzten, hamabost hitzaldi jaso eta memoria lantzeko ikastaroa egin, besteak beste. Horrez gain hiru ospakizun izan zituzten, eta kantu taldea eta dantza taldea indartzen joan da.

Giro ona taldean

Zuzendaritzan sartzen direnek talde indartsua eta giro ona topatuko dituztela diote. "Lanerako indarrarekin eta ekimen berriak abian jartzeko gogotsu dagoen taldea; yoga eskolak jarri gura ditugu, adibidez". Horretarako aparteko ezagutzarik ez dela behar argitu dute, gogoa bakarrik. "Bulegoan bertan ordubete egoten gara (11:00-12:00), eta bakoitzak etxean dituen ardurak ere kontuan hartzen ditugu", diote. Orain irtengo direnak, gainera, laguntzeko gertu agertu dira.

Datozen asteetako hitzorduak

Hainbat hitzordu dituzte datozen asteetan. Hona hemen:

Otsailak 23
• Hitzaldia Ikusmenean eta entzumenean hobekuntzak. 17:00etan Basotxon; bukatutakoan mokadutxoa.

Otsailak 28
• Irteera Tolosako Inauteriak ospatzera. 10:00etan irten eta bazkaria Urnietako Oianume sagardotegian.

Martxoak 1
• Ospakizuna Aingeru Guarda eguna: Salda Basotxon (12:00) eta bazkaria eta dantzaldia Sara jatetxean (13:15ean autobusa joateko).

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.