Aratusteak girotzen hasteko gertu dago Txapel Txin eta gaur, egubakoitza, ikastetxeetako neska-mutikoei egingo die bisita. 10:00ak aldera gerturatuko da Kurtzebarri eskolara eta ondoren Arizmendi ikastolako Basabeazpi gunera. Gainera, ez dela bakarrik etorriko iragarri du: "Txintxin jaio da eta Aratusteak ospatzen hasteko gertu dago!".
Ondo errotutako jaia
Hamar urte beteko ditu bihar Txapel Txin egunak. Urteurren borobil horretan sorrerako lagunak izan gura ditu gogoan: "Karnabalen Lagunek orain dela hamar urte ekin zioten Txapel Txin jaia antolatzeari, eta ordutik hona ondo errotu da herrian. Orain ordukoak gogoan izatea komeni dela uste dugu". Hori horrela, "ondo merezitako omenaldia" eskainiko diotela bihar jakinarazi du.
Egitarauari dagokionez ez dago berrikuntzarik; ohi legez, kale animazioa, torrada lehiaketa eta pregoia izango dira protagonistak. Ekitaldiak, baina, goizago hasiko dituzte –pregoia esaterako, 19:00etan– herritarrek hala eskatuta.
Kuadrillak lanean
Aratusteak ere ate joka daude eta otsailaren 26ko hitzorduari begira lan eta lan dihardute kuadrillek herrian. Azbeko eraikinean dabiltza asko muntaiak gertatzen; hain zuzen ere, hamar kuadrillek hartu dute hango giltza –horietako hiru adin txikikoak–.