Euspot lehiaketa seigarrenez dator

Xabi Gorostidi 2017ko ots. 8a, 12:50

Seigarren euskarazko spot lehiaketa, Euspot, aurkeztu dute gaur, otsailak 8, Donostian, Aniztasunak aberastu egiten gaitu leloarekin. Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Mikel Irizar, Aretxabaletako alkate Unai Elkoro, MUko ordezkari Goio Arana eta Arizmendi ikastolako eta Artemaneko ordezkariak elkartu dira.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostian duen egoitzan egin zuten aurkezpen ekitaldia, ekimenaren sustatzaileen presentzia nabariarekin. Bertan izan ziren Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Mikel Irizar, Aretxabaletako alkate Unai Elkoro, Mondragon Unibertsitateko ordezkari Goio Arana, Arizmendi Ikastolako komunikazio arduradun Edurne Balzategi eta Artemaneko zuzendari Arantzazu Lagunilla.

'Aniztasunak aberasten gaitu'

Horixe da aurtengo edizioak izango duen leloa. Aurkeztu beharreko iragarkiek aniztasunaren alde edo edozein diskriminazio motaren aurka hausnartzeko helburua izan behar dute.
Norbera ezberdina eta errepikaezina den heinean, aniztasuna altxorra dela helarazten ahalegindu beharko dute parte hartzaileek.

Hauek izango dira lantzeko proposatu dituzten gaiak: aukera berdintasuna, aniztasuna, diskriminaziorik eza, elkarbizitza, gizarte-kohesioa, giza eskubideak eta elkarkidetasuna.

Gai nagusia kontuan hartuta, etorkin zein gaixoen bizitza errazteko eta haien integrazioa sustatzeko lan egiten duten erakundeen ordezkariak ere izan ziren aurkezpen ekitaldian. Besteak beste, Afagi, Banaiz, Bagara, EHGAM, Jatorkin, Emaus, Crhysallis eta Gureak taldeetako ordezkariak izan ziren ekimenari babesa adierazten.

Musikak ere bere lekutxoa izan zuen, Mikel Laurobaren eskutik. Abesteaz gain, sahararrentzat eta alzheimerra pairatzen duten gaixoentzat eta familientzat hitzak izan zituen kantaldian. 

Berrikuntza ugari aurten

Urtetik urtera berrikuntzek lekua izaten dute Euspoten, eta aurtengo edizioa nobedadez josita dator. Batetik, webgune berria prestatu dute seigarren ekitaldirako (www.euspot.eus). Bestetik, Debagoieneko Arizmendi Ikastolak antolatzen duen BHklip saria Euspot barruan txertatuko da. Fitxaketa berri honekin orain arteko gazteen saria BHklip saria izatera pasako da, eta nerabeen artean berdintasunaren eta aniztasunaren aldeko balioak lantzeko aukera eskainiko du.

Azken edizioa, arrakastatsu

Azken edizioan Euskal Herri osoko 35 lan aurkeztu ziren guztira, eta lau eguneko epean 2.000 bototik gora jaso ziren lan gustukoenak aukeratzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak