Guztira, 40 kinto dira aurten, baina guztiak ez dira egongo, Josu Irure kintoak adierazi duenez: "Ekainean denok batu ginen, 40 inguru, baina batzuk kanpoan daude ikasten, eta ez gara guztiok egongo". Lehen hitzordua gaur egingo dute, izan ere, 08:30ean batuta, herriko komertzio, ikastetxe, eta abarretara joango dira. Zapatuan, berriz, baserrietara joateko 06:30ean batuko dira, eta domekan, 09:00etan elkartu eta kantu-eskean herrian ibili ondoren, dantzak egingo dituzte, 19:00etan, Herriko Plazan.
Baserriak bi taldetan banatuta
Zapatuan, Oro, Urkulu, Areantza, Arkarazora-eta joango dira kantu-eskean. "Bi taldetan banatuko gara, batzuk Larrinora eta beste batzuk Urkulura joateko. Hala ere, beste leku guztietara denok batera joango gara".