Astean egin duten bileran, besteak beste, Basotxo erretiratuen elkarteko eta Loramendiko kideak eta Udal ordezkariak elkartu dira, baita ikastetxeetako ordezkariak ere. "Ateak, baina, irekita ditugu edonorendako. Herriari zabaldu gura izaten zaion batzordea da eta pozik hartuko ditugu guztiak", adierazi du Korrika batzordeko arduradun den Titok.
Korrika Kulturala
Orain arte berotze ariketak egiten ibili dira: "Informazio orokorra eman dugu, zerrendatu egin ditugu ekitaldirik garrantzitsuenak eta Korrikak berarekin dakartzan eginbeharren berri eman dugu", dio Titok. Hor egongo lirateke Korrikaren etorrera girotzeko ekitaldiak zehaztea eta horiek antolatzen hastea.
Korrika Kulturalak ere izango du lekua herrian. Korrikak berak badu ekintzen katalogo bat, baina horrekin batera herritarrek antolatutakoak sustatu gura dituzte: "Edozein kultura ekintza sartzen da horren barruan eta garrantzitsua da herriak berak sortzea, bertsoak direla, musika dela… Herriak duen bizitasuna jasotzen du horrela Korrikak".
Kilometroak salgai
Kilometroak dagoeneko salgai dituzte; horretarako eskaera egin daiteke honako helbidean: korrikadebagoiena@gmail.com. "Oraindik badago denbora baina interesa izanez gero zenbat eta lehenago lotu kontu horiek hobeto".