Aretxabaleta liderra helburu berriekin dator

Imanol Beloki Unamuno 2017ko urt. 26a, 16:19
Aretxabaleta areto futbol taldeko jokalariak talde argazkian.

Aretxabaleta areto futbol taldea liderra da Euskal Ligan, 32 punturekin, eta, postuari eutsi nahian, domekan Scalibur taldea garaitu gura dute, sailkapenaren gorenean jarraitzeko.

Ibarra kiroldegian izango da partidua, domekan, 18:00etan, eta Arkaitz Ribera entrenatzaileak zaleak animatu gura ditu, taldeari animoak ematera joan daitezen. "Duela bi jardunaldi Pasaiako Afantxo Pescados Ferreres taldeari –sailkapenean bigarrena– irabazi ostean jarri ginen lidergoan, eta lehenengo itzulia lehen postuan bukatzea pozgarria izan da. Orain, bigarren itzulia hasiko dugu eta bide beretik jarraitu nahi dugu. Denboraldia hasi zenetik hona, helburuak aldatu egin ditugu taldearen ibilbide ona ikusi ostean, eta lehenengo hiru postuen artean geratzea da asmo berria".

Partidu bakarra galdu, bi berdindu eta gainerakoak irabazi egin dituzte denboraldi honetan Arkaitz Riberaren mutilek, eta talde lehiakorra osatu dutela adierazi du: "Denboraldi ona egiten ari gara. Hamabost fitxa ditugu guztira, hainbat pertsona ari dira taldeari laguntzen boluntario gisa, eta, taldean ez egon arren, entrenatzera etortzen diren jokalariak ere baditugu. Hala, talde lehiakorra osatu dugu, errotazioek oso ondo funtzionatzen dute, eta ordezko asko ditugu".

Atezain berria taldean

Igor Etxenagusia Aretxabaletako atezaina ez da taldearekin izango denbora batez, ebakuntza bat egin behar diotelako. Hala, beste atezain baten bila aritu ostean, aurkitu dute ordezkoa. "Ander Ibañez Potras izango da atezaina; fitxa egingo diogu, eta maila ona emango duelakoan gaude. Aldaketa horretaz gain, bigarren itzulirako Matiku ere  berreskuratu dugu, eta taldean izango dugu berriz".

Mailaz igotzea, kolokan

Aretxabaletak bide honetatik  jarraitzen badu, aukera asko ditu Nazional Mailara pasatzeko, baina entrenatzaileak azaldu du erabaki hori hartzea zaila dela: "Sailkapenean ahalik eta  goren geratu nahi dugu, baina, mailaz igotzeko aukera badugu, ez da samurra izango erabakia hartzea. Izan ere, taldearentzako kostua handiagoa izango zen, eta aztertu egin beharko genuke".

Joseba Fraile; Taldeko kapitaina: "Nire ustez, gogoa jartzean dago gakoa"

Joseba Fraile Barban Aretxabaleta areto futbol taldeko kapitaina lesionatuta dagoen arren, bueltatzeko gogoz dago.

Denboraldi bikaina egiten ari zarete; zein da trukoa?

[Barre] Ez dugu trukorik. Asko entrenatzen gara, gogoa jarri eta suerte pixka bat ere izaten dugu noizbehinka. Gogoa jartzean dago gakoa.

Bigarren itzulirako zein asmo duzue?

Oso ondo jokatu dugu denboraldian, eta sailkapenean ahalik eta ondoen geratzea da asmoa.

Lesionatuta zaude; noiz bueltatuko zara kantxara?

Oin-zolako fasziitisa daukat; bi hilabete geldi egon ostean, oraindik beste hilabete bat itxaron beharko dudalakoan nago. Sekulako gogoa dut kantxara bueltatzeko, eta, inpotentzia eman arren, bitartean taldea animatuko dut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak