Euskadiko odol emaileen elkarteak jakinarazi du odol erreserbek behera egin dutela eta ospitaletan duten premia asetzeko, esaterako, erreserba horiek hobetu beharrean direla. "Istripuak direla, negu partean izan ohi diren gaixoaldiak direla behera egin du erreserbak", dio Ruben Alonsok, Aretxabaletako odol-emaileen koordinatzaileak. "Odola, gainera ezin da fabrikatu, eta ez du asko irauten: plaketek, bost egun; globulu gorriek 42 egun; eta plasmak, urtebete".
Aretxabaletan 264 emaile daude eta deialdi bakoitzean 120 bat lagunek ematen dute odola. Ohiko emaile horiek etxean jaso dute odola ematera joateko deia baina horiekin batera ohiko ez direnak gura dituzte, eta bereziki gazteak.
Zalantzak argitzeko medikua
Emaile izateko 18 urte behar dira, 70 urtetik behera, eta 50 kilo gutxienez. "Horiek dira oinarrizko baldintzak. Bestelako zalantzarik izanez gero –antibiotikoak hartzen egon izana, tatuaje bat izatea, bakunaren bat hartu izana…– bertan egoten den medikuak argitzen ditu", dio Alonsok. Eta gaineratu du: "Ez da komeni baraurik joatea; ezta jatordu bat egin berritan ere, ordu pare bat behar dira digestioa egiteko".