Karaokeak izan du arrakasta handiena, Kanuto Deunaren ospakizunean

Amaia Txintxurreta Guridi 2017ko urt. 21a, 20:43
Kalamua legeztatzea oinarri duen Kanuto Deunaren ospakizunean.

Eguenean hasi ziren Kanuto Deunaren ospakizunekin eta momentuz jende handiena batzea lortu duen ekintza egubakoitz gauerdiko karaokea izan da. Hala ere, gazteek askotariko DJ emanaldiez eta zuzenekoez gozatzeko aukera izan dute egunotan, eta gaurko bazkarian 25 lagun elkartu dira, esaterako. Gaur gauean ere musikaz gozatu ahal izango da.

Azken urtetan galduta egon den ospakizuna berreskuratu nahi izan du Aretxabaletako gazte talde batek eta orokorrean pozik daude Kanuto Deunaren ospakizuna herrian izaten ari den harrerarekin, horixe esan du antolatzaile taldeko Xabi Belastegik.

Askotariko ekintzak

Eguenean hasi ziren ospakizunarekin, eta bihar, domeka, amaituko da. Egitarauan begiratuta, gaurkoa izan da egun garrantzitsuena. Eguerdia Ezkutu taberna Marley Brothers DJek girotu dute. Aretxabaletako Iban Borgas eta Oñatiko Iñaki Cerqueira dira biko horretako disko jartzaileak, eta bereziki gaurko prestatu dute emanaldia soul, funk eta hip hop doinuekin.
 
Poteoaren ostean, 25 lagun izan dira Ezkutu tabernan egin duten bazkarian. Atsedeneko Ibai Luelmok prestatutako platerak gustura jan dituzte bertaratutakoek, eta ondoren, bingoan jokatu dute dozena bat lagun inguruk. Izan ere, aurreikusita zeukaten partxis txapelketa, bingoagatik aldatzea erabaki dute antolatzaileek.
 
Iluntzeko Bilboko Akerjembe taldearen kontzertuaren ostean, Gasteizko DJ Lorok hartuko du erreleboa eta ondoren Iban Borgasek, Iñaki Cerqueirak... jarriko dute musika elektronikoa, jendeak jaiarekin disfrutatzen jarrai dezan.
 
Antolatzaile taldeko Xabi Belastegi orokorrean pozik dago ospakizuna izaten ari den harrerarekin: "Balorazioa ona da. Izan ditugun ekintzetatik arrakasta gehien egubakoitz gauerdian egindako karaokeak izan zuen, hasieran jendea pixka bat lotsatuta zegoen, baina gero, bai banaka eta baita taldeka ere askotariko kantuan kantatzera animatu ziren karaokean. Dena den, kontzertuak ere ondo egon dira", azaldu du. Eta hauxe gaineratu du: "Helburua bete dugu, agian pentsatzen genuen jende gehiago etorriko zela, baina guk antolatutako lehenengo urtea izanda, gustura gaude egindakoaz".

Festak bihar arte jarraituko du

Gaur gaueko musika emanaldiak "luzatu" egingo direla adierazi du Belastegik, baina bihar ere izango da zertaz gozatu: Haizea tabernan 17:00etan dardo eta poker txapelketak jokatuko dira. Eta gauean emango diote amaiera ospakizunari.

Aldarrikapena nagusi

Antolatzaileek gogorarazi nahi izan dute, ospakizuna bai, baina aldarrikapen jaia dela eurena. Kalamua legeztatzea eta normalizatzea nahi dute. Eta adierazi dute datorren urtean ere ospakizunari jarraipena emateko asmoa dutela.

Erlazionatuak

Kanuto Deunaren ospakizunean

Amaia Txintxurreta Guridi 2017 urt 21 Aretxabaleta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak