"Bazkideak eskertzeko modua da, 1.000 bazkide inguru oso elkartu gutxik du eta", dio Agurtzane Elkoro presidenteak. Jokalariekin argazkiak ateratzeko aukera izango dute umeek, 16:15ean. Gainera, ohiko zozketarekin batera beste bi berezi egingo dituzte; batean, 100 euroko bonua banatuko dute Belar Meta dendan gastatzeko, eta bestean, UDAko produktuekin osatutako sorta. UDAk Lesakako Beti Gazte izango du aurrez aurre, eta "bazkideen animoak eta berotasuna" pozik hartuko dituela taldeak adierazi du Elkorok.
Argazkiak eskuragai
Bestetik, UDAk iragarri du gertu dituztela sail guztietako 2016-2017 denboraldiko argazkiak. Iazko urrian egindako aurkezpen ekitaldian Ivan Valle argazkilari aretxabaletarrak atera zituen argazki horiek eta eskuratu gura izanez gero eskaera egin dezakete interesatuek (argazkia, 5 euro). Horretarako mezu bat bidali behar da UDAra (udaretxabaletake@gmail.com) edo eskaera egin Ibarrako tabernan (orri bat bete datuekin) urtarrilaren 30a baino lehen.