Bolada txarrarekin bukatzeko, urrezko puntuak UDArendako

Mireia Bikuña 2017ko urt. 15a, 18:53

Amaikak Baten kontra 3-1 irabazi ostean, garaipenerako bidea topatu du berriro Aretxabaletako taldeak. Azken garaipena, urriaren 30ean lortu zuen Vasconiaren kontra. "Garaipen honek ematen digun postua baino garrantzitsuagoa da animo aldetik ematen digun indarra", esan du bukaeran Julen Erañak.

 

Lehiak bi zati ezberdin izan ditu. Lehenengoan aretxabaletarrak izan dira nagusi. Oso kontzentratuta irten dira zelaira eta horren lekuko, hamargarren minutuan sartutako gola. Partidua bideratuta, ondo kontrolatu dute baloia eta jokoa. Amaikak Bat mendean hartu dute eta bigarren gola sartzeko gai izan dira. 36. minutua zen.

Bi goleko errentarekin joan dira aldagelara, eta, bigarren zatian egoera aldatu egin da. Debako taldeak hartu du partidua gidatzeko ardura. Hartu, eta gidatu egin du. Martxa bat gehiago sartu dio norgehiagokari eta 82. minutuan markagailua murriztea lortu du. Une horretan piztu dira UDAren alarma guztiak. Estutu egin du Amaikak Batek berdinketaren bila, baina, etxekoak izan dira hirugarrena sartu dutenak. "Bolada txarrarekin bukatzeko balio digu. Orain, Beti Gazteren kontrako partiduan pentsatu behar dugu", esan du Erañak.

Gol festa Mojategin

Mondrak zapatuan jokatu zuen Beti Gazteren kontra. Lehen zatia oso parekatua izan zen eta banako berdinketarekin heldu ziren atsedenaldira. Arrasatearren gola Iker Uribarrenek sartuen zuen 14. minutuan. Beti Gaztek 35. minutuan berdindu zuen.

Bigarren zatia Mondrarena izan zen. Bi minututan bi gol sartu ostean –61. minutuan Iker Uribarrenek eta 63.ean Gorka Erañak– lehia erabakita utzi zuten. Dena den, denbora izan zuen beste bi egiteko. Biak ala biak, Beñat Corcuerarenak izan ziren.

Aloñak, berdindu

Lehen itzulia berdinketarekin bukatu du Oñatiko taldeak. Zarautzen bina berdindu ostean, sailkapenaren zulotik irteteko beste pausu bat eman dute. Bigarren itzulia osorik dute denboraldirako helburuak lortzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak