Irailaz geroztik talde polita elkartzen da Iturrigorri pilotalekuan astean hirutan. Jon Etxeberria entrenatzailearen aginduetara jarduten dute 40 neska-mutikok: benjaminek, alebinek, infantilek, kadeteek, jubenil bakarrak eta hiru seniorrek. Lanean gogotsu dabiltzan seinale hainbat txapelketatan hartu dute parte UDAko pilotariek eta Gabonetako txapelketako emaitzekin pozik daude: "Hainbat bikote iritsi ziren finaletara eta finalerdietan galdutakoek ere ondo jokatuta galdu zuten", argitu du Etxeberriak.
Bide horretatik jarraitu gura dute, poliki-poliki maila hobetzen joan, eta erronka handiagoak zehaztu dituzte, herriarteko txapelketa jokatzea, esaterako. "Zaila izan arren horretan ahaleginduko gara eta lanean jarraitu".
Pilotalekua egoera eskasean
Iturrigorriren egoera eskasak, baina, zaildu egiten du pilotarien lana. Izotza egiten duenean kondentsazio arazoak ditu eta euria egiten duenean itoginak daude: "Ura sartzen da handik eta hemendik, eta patinatzeko pista dirudi negu partean. Halakoetan bertan behera uzten ditugu entrenamenduak. Egubakoitzean jokatzekoak garen partiduak ere Eskoriatzan jokatuko ditugu seguru asko, ez dituelako baldintzak betetzen". Pilotalekuaren sabaiaren konponketa lanei heltzeko asmoa du Udalak aurten; alkateak jakinarazi du 2017ko Udal aurrekontuan partida bat sartuko dutelako horretarako.