"Hamabi finalista zeuden aukeratuta eta horietatik sei sari banatzen ziren. Finalista izanda pozik geunden, baina irabazita askoz hobeto, ongietorriak dira beti sariak", adierazi du Jon Sanchezek, Kaia Studios enpresako langileak. Play Station plataformen erabilera onenaren saria da, hain zuzen, enpresa horrek egindako Dynasty Feud bideo jokoak lortu duena.
Sari hori orain arte egindako lan guztiaren aitorpen bat dela gaineratu du Sanchezek. "Urte eta erdi daramatzagu bideo joko honekin lanean, eta, guretako, errekonozimendu bat da. Azken finean, atzean Play Stationen izena izateak ikusgaitasun bat ematen digu guri, gizartean gure burua aurkezteko modu bat da", adierazi du.
Bestalde, mundu osoko proiektuak aurkezten diren Bilboko Azkuna Zentroko AzPlay 2016 sariketan, euskal bideo joko onenaren saria ere irabazi zuen.
Dinastien arteko borrokak
Bost dinastia ezberdinen arteko borrokak dira jokoaren muina. "Garai ezberdinetako bost dinastia dira: bakeroak, bikingoak, piratak, eta abar. Beraz, dinastia hauen arteko borrokak dira jokoaren funtsa", dio Sanchezek.
Hasiera batean, ordenagailuan jolastu ahal izateko eginda dagoen joko bat da. "Guk jokoa ordenagailurako diseinatu dugu, baina, Play Station enpresaren laguntzarekin, euskarri horretara ere moldatuko dugu", azpimarratu du Sanchezek.
Bost lankide
Zierbenako Kaia Studios enpresak egin du joko hori. Bertan, Sanchez eta beste lau kide dira. Bostetik, lauk ikasi dute DigiPen Institute Of Technology bideo jokoen unibertsitatean. Duela urte eta erdi ikasketak bukatuta, euren proiektuarekin hastea erabaki zuten. Zereginak banatuta dituzte lan egiteko orduan: "Arte Ederrak ikasi zituen bat daukagu taldean eta hura arduratzen da marrazkiaz eta diseinuaz. Beste laurok zeregin desberdinak ditugu. Batek jokoa diseinatzen du, hau da, nolakoa den deskribatzen du; beste bat negozio arloaz arduratzen da, kontuak eramaten ditu; eta beste biok programatzaileak gara", nabarmendu du Sanchezek.
Oraindik ez dago merkatuan
Saria jaso arren, bideo jokoa oraindik ez dago erabat bukatuta. "Bideo jokoaren prototipoa aurkeztu genuen guk, oraindik amaitu gabe daukagu. Hala ere, 2017an zehar merkaturatzea espero dugu. Oraindik data zehatzik ez daukagu, baina, posible bada, lehenengo seihilekoan izatea gustatuko litzaiguke".