Ibarran jokatutako Emakumezkoen Gabonetako Futbol Torneoak askorako eman du beste edizio batez. Kuriosoa da, eguneko emaitza guztiak 4-0ekoak izan dira-eta. Oiartzuni eta Debagoieneko selekzioari egokitu zaie goiza berotzen hastea. Eta hor, Esti Loiti Titu-ren neskek neurria eman dute maila gorenean jokatzen duen Oiartzunen kontra. Lehenengo partidu hori Oiartzunen jokatzen dabilen Oihana Aldaik ordezkoen aulkitik jarraitu du, normalean hasierako hamaikakoan egoten diren beste jokalari batzuekin batera. Hala, Oiartzungo entrenatzaileak hainbat jokalari Realaren kontrako partidurako gorde ditu, eta lehen norgehiagoka horretako gauzarik txarrena izan da Oiartzungo jokalari batek belaunean izan duen lesioa.
Bigarren norgehiagokan, berriz, Realak hartu du protagonismoa, eta normala den moduan, nagusitasuna erakutsi dute (4-0). Eta azken norgehiagokarako gorde dute, aurrez, lehia parekatuena. Berez, Reala eta Oiartzun maila berean daude, maila gorenean, baina ligan egin zuen moduan, gaurko lagunartekoan ere Realak koska bat gorago dagoela erakutsi du.
Bada, txapeldunaren garaikurra Realarendako izan da, baina sari onena ondoren etorri da, antolatzaileek Ibarran bertan, eta mimoz, prestatutako paelletan. Futbolarekin gozatu eta sabela beteta erretiratu dira jokalari denak etxera.