Urtero legez, umeek –gurasoekin batera– kantuan irtengo dute Herriko Plazatik (10:30) txistularien atzetik, eta aurten ere, Basotxoko kantu-taldearen laguntza izango dute. Bost urteko neska-mutikoek zuzenean joko dute zaharren egoitzara abestera. Eta ondoren Lausittako biribilgunean elkartuko dira gainerakoekin; kantuen trukean balkoietatik botatako boloa jasoko dute: gozokiak, intxaurrak…
Ibilaldia bukatutakoan txistor ogitartekoa izango dute guztiek plazan, eta ondoren (12:00), Olentzero eta Mari Domingi iritsiko dira umeen gutunak eta muxuak jasotzera. Arratsaldean (18:30), ostera, kiroldegitik plazarainoko ibilbidea egingo dute biek ala biek, baina orduan ez dira inon geratuko. Plazara iritsitakoan kantuan egingo diete musika eskolako neska-mutikoek.
Bizarzuri ere etorriko da abenduaren 31n eta errege magoen desfilea izango da urtarrilaren 5ean; kiroldegitik irtengo dira guztiak (18:30).
Gospel kontzertua eta magoa
Gospel doinuekin gozatzeko aukera izango dute musika zaleek The Upper Room taldeari esker. Hilaren 27an izango da (19:00), Arkupen. Mikel San Juan eta Iñaki Miguel donostiarrek osatutako taldeak euskaraz egiten du kantuan eta eurek konposatutako abestiak eta hainbat pieza antologiko eskainiko dituzte.
Imanol Ituiño mago bizkaitarra, ostera, helduendako magia ikuskizunarekin etorriko da abenduaren 28an, eguaztena, 22:00etan.
Aretxabaleta Abesbatzaren emanaldia
Bizente Goikoetxea (Aramaio, 1854-Valladolid, 1916) konpositore handia izango du gogoan Aretxabaleta Abesbatzak abenduaren 29an egingo duen Gabonetako kontzertuan (parrokian, 19:30ean). Herri abesbatzarako eta organorako hainbat lan konposatu zituen, eta hainbat meza, miserere, salbe eta Ave Maria ere bai.
Lehen zatia korutik abestuko du Abesbatzak; Goikoetxearen Miserere eta Ave Maria, Adolphe Adamen O Holy Night eta Haendelen Alleluia. Bigarren zatian, organoaren txanda izango da eta Jose Luis Frantzesena azpeitiarrak Gabonetako giroa joko du. Eta hirugarren zatia aldarean abestuko dute, besteak beste, John Readingen Adeste Fideles, Aita Donostiaren Oi Betlehem! eta Jesus Guridiren Ator Mutil.
Kepa Errastiren Mami Lebrun antzezlana
Mami Lebrun antzezlanarekin etorriko da Kepa Errasti abenduaren 30ean, Arkupera; 19:00etako saioko sarrera guztiak salduta daude baina 22:00etarako badaude oraindik.
Bizitzaren parte den heriotza saihestezinaren gaineko obra da, eta bakardadeari eta tristurari buruzko hausnarketari helduko dio umorearen eta musikaren laguntzarekin.
Ikastaroak eta Gabon parkea
Hainbat ikastaro izango dituzte gaztetxoek egunotan. Batetik, magia ikastaroa eskainiko du Ituiño magoak hilaren 28an (17:30-19:00) eta oraindik izena eman daiteke. Bestetik, bideo-jokoak sortzeko saio bana egingo dute 26an eta 27an (10:00-13:00).
Gabonetako jolas parkea, ostera, urtarrilaren 3an eta 4an jarriko dute kiroldegian (11:00-13:00 eta 17:00-20:00). Egun bakoitzeko sarrera 6 euro da eta bi egunetako bonua 10 euro (hirugarren alabak edo semeak doan).