Debagoienean puntako eskalatzaileak daudela erakutsi du eskualdeko txapelketak

Maite Txintxurreta 2016ko abe. 17a, 14:39

Txapelketaren aurretik gaztetxoendako eskalada topaketa egin zuten

Aretxabaletako Ibarra kiroldegian jokatu zuten atzo arratsaldean txapelketa, eta aurretik gaztetxoendako eskalada topaketa ere izan zen. Elite mailako txapelketan Miriam Mulas eta Unai Uzarraga izan ziren irabazleak, eta txapelketa herrikoian, berriz, Haizea Oses eta Aimar Uson.

Debagoieneko Eskalada Eskolak antolatuta, ibarreko eskalatzaileen topaketa izan zen atzo Aretxabaletako Ibarra kiroldegiko rokodromoan.

Hasteko, gaztetxoei zuzendutako topaketa izan zen, aurten lehenengoz eta lehiaketatik kanpo. Hala, bide errazak ezarri zituzten, neska mutilek proba zitzaten. 40 bat gazte animatu ziren parte hartzera, eta, antolatzaileek azaldu zutenez, horietako batzuk ondorengo txapelketan parte hartzen ere animatu ziren, gustuko izan zutela-eta.

Izan ere, gaztetxoen topaketaren ostean, lehiaketarako unea iritsi zen. Adin desberdinetako jendeak hartu zuen parte bertan, bi mailatan banatuta: amateurrak eta elite mailakoak.

Kiroltasuna izan zen nagusi probetan, eta parte hartzaileak "gustura" amaitu zuten txapelketa; izan ere, antolatzaileek adierazi dute jarritako bideak "errazak eta egingarriak" izan zirela, beti ere mailaren arabera. Hala, eskalatzaileak ez ezik, antolakuntzakoak ere pozik itzuli ziren etxera: "giro polita sortu zen. Guztion artean disfrutatu eta kirol hau ezagutaraztea da gure helburu nagusia", diote. Hori dela eta, eskerrak eman nahi izan dizkiete partaide guztiei, familiei eta Ibarra kiroldegikoei, instalazioak lagatzeagatik.

Lehen postuak erdietsi zituzten eskalatzaileek domina bana jaso zuten sari modura. Horrez gain, parte hartzaile guztiek antolakuntzak emandako kamiseta bana eraman zuten etxera.

Jarraian, sailkapena mailaz maila:

  • Emakumezkoen amateur maila:

1. Haizea Oses

2. Naroa Altuna

3. Lorea Belategi / Maialen Altuna (berdinketa izan zen)

  • Gizonezkoen amateur maila:

1. Aimar Uson

2. Borja Benalte / Martzen Vicario (berdinketa izan zen)

  • Emakumezkoen elite maila:

1. Miriam Mulas

2. Ane Erostarbe

3. Aitziber Urrutia

  • Gizonezkoen elite maila:

1. Unai Uzarraga

2. Kepa Bruña / Julen Arriola

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak