Egubakoitzean, hilaren 16an, diru bilketa izango da bi ekintzen bitartez. Batetik, txokolatea eta bizkotxo zati bat eskainiko dituzte 2 euroren truke. Horretarako herritarrei eskatu diete bizkotxoak egiteko etxean eta Herriko Plazara eraman gero, 17:00etarako.
Eta bestetik, euro baten truke Gabonetako zuhaitzetarako izarrak egin ahal izango dituzte umeek. Gurutze Gorriak eskualdeko umeei jostailuak eros diezaien izango da batutako diru guztia.
Etxeko jostailuak Greziara eta Saharara
Bi egun horietan, gainera, jostailuak eta eskolako materiala jasoko dute: margoak, marrazteko koadernoak, liburuak… Jostailuei dagokienez egoera onean daudenak eskatu dituzte eta pilarik gabekoak. Mahai jolasek, puzzleek eta antzekoek, ostera, fitxa guztiak dituztela bermatu behar da, hortaz, osorik ekarri behar dira etxetik ezinbestean.
Ume bakoitzarendako opari bat jasotzea da asmoa: "Greziako eta Saharako kanpamenduetan dauden umeek bizi duten egoera latzari irribarre bat ipini gura diogu guztion artean", diote Guraso Foroko kideek, hain zuzen kanpaina antolatu dutenek Udalarekin, Algara ludotekarekin eta Hiruatx elkartearekin batera. Oñatiko Hermansoloña GKEren bitartez bidaliko dituzte gero horiek.