Lekaixoka bertso eskolak, Udalaren babesarekin, bertso liburua egin die ume jaioberriei bigarrenez. Aurten, 2015ean jaiotako neska-mutikoei eskaini dizkiete bertsoak eta bakoitzaren argazki banarekin osatu dute gero liburua. Atzo, Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperatan egindako ekitaldian banatu zieten hori Arkupen; hain zuzen Goio, Beñat eta Gari Arrieta musikarien doinuek sortutako giro goxoan.
Berrogei umeri bertsoa
Ekimena errotzen dabil herrian eta horren berri ahoz aho ere zabaldu da gurasoen artean. Horregatik hain zuzen, iaz baino eskaera gehiago jaso dituzte; iaz hogeita hamarren bat umeri egin zieten bertsoak, eta aurten ia berrogeiri.
Lekaixokako kideek, zortzi bat bertsolarik, lan mardula egin dute ume bakoitzaren gainean bertsoak gertatzen. Horretarako, umeen gaineko ezaugarrien berri eman dizkiete gurasoek.
Harrobia ereiten
Iaz abian jarritako ekimenaren helburua izan da bertsoa herritarrei gerturatzea. Hain zuzen, atzo liburua jasotako neska-mutiko horiek osatuko dute, behar bada, Aretxabaletako bertsolarien harrobia etorkizunean; zeinek daki. Hazia ereiten behintzat badabiltza Lekaixokako kideak.