Joseba Egibar: "Bidaiatzean beti daramat kamera alboan"

Joseba Egibar, Arkupen, martitzeneko emanaldia hasi aurretik.

Argazkilari aretxabaletarrak El desierto del Teneré dokumentala eskaini zuen martitzenean Arkupeko Zaraia aretoan. Hilaren 29an, 19:30etan hasita, formatu bereko Bhutan aurkeztuko du. 

Noiztik daukazu argazkiak ateratzeko zaletasuna? 

Duela berrogei bat urte hasi nintzen argazkiak ateratzen. Hasiera batean, nire mendi zaletasunarekin nahastu zen; izan ere irteera ezberdinetara beti eramaten nuen argazki kamera. Aurrerago, mendi irteeretatik harago, antolatzen nituen bidaietan ere argazkiak ateratzen hasi nintzen. Voigtlander marka alemaniarreko kamera bat izan zen eduki nuen lehena. Geroztik, nire kabuz joan naiz teknika ezberdinak ikasten, inongo ikastarorik behar izan gabe. Arlo horretan nahiko autodidakta izan naizela esan daiteke. 

Zer gustatzen zaizu jasotzea argazkietan? 

Denetariko argazkiak atera izan ditut, baina, bi argazki mota aipatzekotan, herrialde ezberdinetako jendearen erretratu eta paisaiak esango nituzke. Horretaz aparte, historiarekiko nire zaletasuna kontuan izanik, Euskal Herriko egoera politikoarekin erlazionaturiko ekitaldi jendetsuetan ere argazkiak atera izan ditut.

Bidaiatzea, beraz, zure beste zaletasunetako bat da. 

Bai, hala da. Bidaiatzeari esker munduko bost  kontinenteetan egon naiz, kamera uneoro alboan eramanda. Esan daiteke herrialde ezberdinak kameraren bisore optikotik begiratuta bisitatu ditudala. Orokorrean, ez nintzateke toki edo herrialde konkretu batekin geratuko, bisitatutako txoko bakoitzak bere edertasun propioa dauka. 

Nola agertu zen dokumental horiek egiteko aukera? 

Behin, bidaietan ateratako argazkiak begiratzen ari nintzela otu zitzaidan ideia. Izan ere, argazki horietako askok zeukaten edertasuna ikusita, jendeari erakutsi beharrekoak zirela iruditu zitzaidan. Hain zuzen, irudiak bata bestearen osteko segida batean imajinatzen nituen, istorio bat kontatuko balute bezala. Ondoren, istorio hori osatuagoa egoteko, irudiak soinu eta hitzekin lotuko nituela erabaki nuen. Horrela, kalitatezko proiektu bat sortu nahian, Oreretako lagun batek edizio lanetan lagundu zidan, eta Gasteizko beste lagun batek soinuaren muntaian. Esatari lanak, berriz, Cadena Ser irratian kazetari den Eva Domaikak eta irrati esatari ohi den Mari Carmen Odriozolak egin zituzten; batak gazteleraz eta besteak euskaraz. 

Zer kontatzen da dokumental horietan?

El desierto del Teneré ikus-entzunezkoa Saharako desertuan dagoen Terene eskualdean kokatzen da. Argazkietan, basamortuan egindako 2.500 kilometroetan zehar ikusitako paisaia eta pertsona ezberdinak jasotzen dira. 90eko hamarkadan hiru alditan egin nuen bidaia hori. Jendeak basamortuan ezer gutxi dagoela pentsatzen du, baina, argazkilaritzaren ikuspegitik, parajeak oso aberasgarriak dira. Butham izeneko dokumentalean, berriz, bertara egindako bidaia jasotzen da, beste behin, argazki bitartez. Bidaia espirituala izan zela esan daiteke, bertako erlijio nagusia den budismoa oinarri bezala harturik. 

Nola agertu zen dokumental horiek egiteko aukera?

Horrelako proiektuak egiteko aukera agertzen zaidanean, ez dut epe luzeko prestaketarik behar. Hala ere, hasiera batean, ez daukat proiekturik buruan.  

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.