Hazten jarraitzeko bidea zabaldu dio Udalak Copreciri

Mirari Altube Arrese 2016ko aza. 25a, 13:41
Aretxabaletako Copreci lantegia.

Udalbatzak hitzarmena sinatzea onartu du herriko kooperatiba handienarekin; horren arabera Basabe baserri azpiko lursaila emango dio aparkalekuak egin ditzan eta inguru horretako planeamendua aldatu beharko dute urtebeteren bueltan.

Copreci kooperatibak hazten jarraitzeko asmoa dauka. Hazte prozesu hori, noiz eta nola gauzatuko duen zehaztu gabe du oraindik, baina bidelagun izango du Udala. Hain zuen astelehenean egindako ohiko osoko bilkuran aho batez onartu zuen udalbatzak hitzarmena sinatzea Coprecirekin –gaia eztabaidatu bitartean bi zinegotzik alde egin zuten aretotik, kooperatibako bazkide izateagatik–. Unai Elkoro alkateak zera adierazi zuen: "Herrian dagoen enpresarik handiena da eta ondo joatea pozgarria guztiontzat. Horregatik, ahal denean, laguntzeko gertu dago Udala". EH Bilduko kideek ere "hitzarmen ona" zela adierazi zuten, eta babes osoa agertu zioten.

98 aparkaleku berri

2015ean handitu zuen eraikina Coprecik. Orduan aparkalekuendako  solairu bat egin zuen, eta orain, solairu hori erabili gura du beste behar batzuk asetzeko. "Legeak dio 100 metro karratuko aparkalekuko plaza bat behar dela. Eta inguru horretan leku handirik ez dagoenez Udalak utziko dio lantegiaren inguruan duen lursaila", argitu du Elkorok. Basabe baserriaren azpian dagoen lursaila da hain zuzen Udalarena, eta hori emango dio: "Horren trukean beste lursailen bat eman beharko digu Coprecik, permutaren bat edo beste egingo dugu". Aparkalekuak egiteko hartuko duten sail horretan hainbat ortu daude orain, Kurtzebarri eskolako ikasleena, esaterako: "Horren ordez, Santutxu inguruan, beste bat egiteko konpromisoa hartu dute lantegiko ordezkariek".

Alkateak jakinarazi du parking berriak 98 aparkaleku izango lituzkeela eta publikoa izango litzatekeela, hau da, herritarrei irekia, "beti beteta egoteagatik Coprecirentzat eragozpenik sortzen ez bada behintzat".

Planeamendu aldaketa

Aurreikusitakoa betez gero eraikigarria den metro kopurua gaindituko du handitutako eraikinak; ondorioz, hainbat aldaketa egin beharko dituzte planeamenduan ere: "Ingurune horretako plana aldatu egin beharko da. Proiektua Coprecik berak egingo du eta ondoren, Udalak onartu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak