Indarkeria matxistari ezetz esango diote gaur Aretxabaletan

Mirari Altube Arrese 2016ko aza. 25a, 08:15
Iaz egindako elkarretaratzeko leloa.

Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunarekin, Aretxabaletan ere, hainbat eragilek egingo dute bat. Udalak elkarretaratzea deitu du Emakumeen aurkako indarkeriarik ez leloarekin, 19:00etan, Herriko Plazan, eta herritar guztiak gonbidatu ditu hara.

Agerraldi horretan Eudelek proposatutako adierazpena irakurriko dute. Ondoren, bakarrizketa saioa dago Arkupen, 20:00etan; Maria la Vikinga eta Oscar Tramoyeres umoregileek jardungo dute emakumeen aurkako indarkeria gai hartuta.

Atxabaltako Feministak Elkartiak-eko kideak, berriz, 18:00 ingururako plazan izango dira, eta argazkiak aterako dituzte puntu morea aldean hartuta.

Berdintasuna eztabaidako gai

Azaroaren 25eko kontuak astelehenean egindako osoko bilkuran eztabaidatu zituen udalbatzak; izan ere, horren gaineko mozio bi aurkeztu zituzten.

EH Bilduk konpromisok hartzeko eskatu zion Udal Gobernuari mozio bidez: "Konpromiso zehatzak eta baliabideak behar dira indarkeria matxistari aurre egiteko. Horregatik eskatu dugu aurrekontuetan behar besteko partida sartzea eta Berdintasun Saila martxan jartzea", zioen Ion Albizu zinegotziak. Udal Gobernuak, baina, ezezkoa eman zion mozioari, eta datorren urtean ez dela Berdintasun Sailik izango ezta teknikaririk ere iragarri zuen: "Berdintasunak transbertsala izan behar duela uste dugu, eta udaleko sail guztietan barneratuta egon beharra duela. Ondorioz, 2017ko aurrekontuan partida bat zehaztuko dugu kanpoko enpresa bat hartzeko aholkularitza eman dezan", argitu zuen Ongizate zinegotziak, Karmele Uribarrik. EAJk aurkeztu zuen bigarren mozioa 2011ko Europako Hitzarmenarekin bat eginez; hau da, emakumeen aurkako indarkeria eta etxeko indarkeria prebenitzeko eta horien aurka borrokatzeko hitzarmenarekin; aho batez onartu zuten hori.

Alkateak gaineratu gura izan du "penagarria" dela halako eguna "beste interes batzuetarako" erabiltzea: "Beste helburu batzuetarako aprobetxatzen dabiltza".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak