Eskolako orduetan, irakasleek eta ikasleek, lantzen dabiltzan proiektuekin zerikusia duten esperimentuak egin dituzte geletan. Eskolaz kanpoko orduetan, ostera, gurasoak izan dira zientzialari eta horiek bideratutako tailerrak izan dituzte. Bi arratsaldetan elkartu ziren: "Aretoa gainezka egon zen, esperimentuak ikustera eta praktikan jartzera gerturatu ziren", jakinarazi dute Gurabarriko kideek.
Aste horri bukaera polit bat emateko, larunbatean, Donostiako Eureka Zientzia Museora joan ziren. Museo interaktibo horretan, elektrizitateko tailerrak izan zituzten, planetariumera sartu ziren proiekzio bat ikustera eta erakusketa iraunkorraz gain, zientzia erakustaldiak zuzenean ikusteko aukera ere izan zuten.
"Oso gustura ibili gara eskola komunitatea osatzen dugun kide guztiak elkarlanean. Zientziaren inguruko hainbat printzipio zientifiko ikasi ditugu era ludiko eta erakargarri batean, objektuen maneiuan eta esperimentuetan oinarrituta. Horretaz gain, hezkuntza programa osagarri honetan, eskola komunitate osoak elkarlanean gozatu ahal izan dugu", adierazi dute.