Ez da berbarik egingo, ez da kontzientzia onetik ateratzen duen substantziarik hartuko eta errespetua eskatuko da, norberari eta ingurukoari. Hiru ezaugarri horiek dituen dantza saioa da Ecstatic Dance.
DJ formatuko musika eskainiko du Estangak, eta hainbat ezaugarri dituela horrek argitu du: "Gabrielle Rothe musikariak proposatutako bost erritmoetan dago oinarritua, motelenetik hasi eta kaotikora arte. Hark zioen bizitzak berak dituela mugimendu horiek eta pertsonak ere mugimendu guztiak behar dituela orekatua izateko. Hortaz, erritmo horietatik pasatuko den musika egongo da". Beroketa ariketak eginda hasiko dute saioa, eta gero, dantza libreari emango diote bidea.
Euskaldunok oso gustuko dugula dantzan egitea dio Estangak baina sarritan ez duela topatzen testuinguru egokirik: "Mugimendua gustuko duenarendako da aproposa saio hau; norberaren buruarekin eta jende jatorrarekin egotera doan horrendako. Barrenak husteko ere balio du", dio eta gaineratu du: "Gainera, ez dago ezer erakutsi beharrik, ez diogu ezer eskatu behar geure buruari. Norberak bere bidaiatxoa egitea da kontua". Jaiki elkarteko Maier Etxebarriak berretsi egin du Estangak esandakoa: "Gomendagarria da gorputz zein buruko osasunarendako; izan ere, onura mordoa dauzka gura den moduan dantzan egiteak".