Gazteen nahiak agerian, ‘Gaztetxia herrira’ astean

Mirari Altube Arrese 2016ko aza. 11a, 10:00

Egitarau mardula aurkeztu du Atxabaltako Gaztetxeko Asanbladak datozen egunotarako. Orain dela hainbat hilabete hasitako hausnarketak fruituak eman ditu, eta herritarrekin batera ospatu gura dute hori Gaztetxia herrira leloarekin.

“Gaztetxearen proiektua bera modu xume batean herrian irudikatzea nahi dugu aste honekin; hau da, gune autogestionatu horretan egin daitezkeen hamaika ekimenen eta proiektu ezberdinen ideia herrira zabaldu”, diote Gaztetxeko Asanbladako kideek. Horregatik, ekitaldi mordoa antolatu dituzte, besteak beste, hitzaldiak, dokumental emanaldiak eta kontzertuak: “Herritik eta herriarendako egindako egitaraua da, hortaz, edozeinek har dezake parte. Ume, gazte zein helduendako ekitaldiak daude, gerora ere guztiek edukiko dutelako lekua gaztetxean”. Hain zuen gaztetxea “eraldaketarako tresna” delako Aretxabaleta eraldatzera datozela diote: “Herriko egoera iluna koloreztatzen hasi gura dugu gazteon arteko harremanak saretuta, kaleak kulturarekin beteta, herritarron arteko elkarlana eta parte-hartzea bultzatuta edo garunak astinduta”.

Espazio propio bila

Otsailean, jarri zuten abian gaztetxearen gaineko hausnarketa: “Gazte mugimendutik Gazte diagnostikoa jarri genuen martxan eta han bildutako kezka edo gogo nagusi bat izan zen herriko gazteok espazio fisiko bat behar genuela. Martxoan, diagnostikoa aurkeztu zenean, Gaztetxeko Asanblada sortu zen, eta ordutik proiektuaren inguruan hausnartzen ibili gara hamarnaka lagun”.

Gazteen “nahiak eta beharrak betetzen hasteko ordua” dela ondorioztatu dute hausnarketotan: “Beharrezkoa ikusten dugu gazteok gure espazio propioak izatea, gure eguneroko nahi, ilusio eta ametsak autogestionatzeko eta aurrera eramateko”. Aste honetan, “ilusio horiek eta konpromisoak piztuko” dituzte, eta ondoren, asanbladaz asanblada joango direla urratsak zehazten adierazi dute: “Epe motzean edo luzetxoagoan, baina gazteon urteetako ametsak beteko ditugula argi daukagu. Ez dauka atzera bueltarik”. Eta gazteez gain, baina herritar oro gonbidatu gura dute proiektu honetan parte aktibo izatera: “Urteetako lehorte luzea eta gero, hasi da lore berri bat irteten Aretxabaletan; orain guztion ardura da hori zaindu, maitatu eta eraikitzea”.

Asteko egitaraua

Hona hemen egitaraua osorik:

Azaroak 11, egubakoitza
• 18:30 Euskal Herriko hainbat gaztetxetako esperientzia trukaketa eta afaria. Udaletxe zaharra.

Azaroak 12, zapatua
• 16:00 Mus txapelketa. Orly taberna.
Kontzertuak:
• 18:30 Los Perros. Kixkor.
• 19:10 Delirium. Haizea.
• 19:50 Atsekabe. Ezkutu.
• 20:30 WC. Haizea.
• 21:10 Krisis. Ezkutu.

Azaroak 13, domeka
• 18:00 Hitzaldia: Musika eraldaketa sozialerako tresna. Urbaltz.

Azaroak 14, astelehena
• 19:30 Dokumentala: Kortxoenea, irautea sortzea delako. Urbaltz.

Azaroak 15, martitzena
• 19:30 Dokumentala: Gure kabuz ala hil. Kixkor taberna.

Azaroak 16, eguaztena
• 19:00 Pintxo pote musikatua udaletxe zaharretik irtenda.

Azaroak 17, eguena
• 19:00 Hitzaldia: MST eta Boliviako indigenak. Txiki taberna.

Azaroak 18, egubakoitza, Pagaldaixenean
• 18:00 Taberna irekiera gaitero eta erraldoiekin.
• 18:30 Kontzertua: The Hans Blues Band. Gero, mikro irekia.
• 21:30 Bertso saioa.

Azaroak 19, zapatua, Pagaldaixenean
• 11:30 Umeendako ipuin kontaketa.
• 12:00 Kantu poteoa, trikitilariak, dantzariak eta azoka kalean.
• 12:30 Graffiti tailerra.
• 14:30 Gaztetxiaren aldeko bazkaria (txartelak Urbaltz eta Kixkor tabernetan, 10 eurotan).
• 18:30 Kontzertuak: Drop! eta Aggressive Combat.
• 21:00 Elektrotxaranga.

Azaroak 20, domeka, Pagaldaixenean
• 17:00 Bilketa eta film emanaldia: La Haine.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak