Mendizaletasuna bultzatzea helburu nagusia izanik, mendi irteerak antolatzen jarraituko dute aurten ere Guraso Foroak eta Murrukixok 5 eta 12 urte arteko seme-alabak dituzten familiendako. Urrian egin zuten lehenengoa, Murura, eta oraingo domekan Ganboraldera doaz, Asentzio eta San Adrian artean dagoen muinora. 10:00etan elkartuko dira plazan eta Untzillara igoko dira autoetan; handik Kruzetara doan GR-121 hartu eta Ganboralderaino joko dute; hamarretakoa han bertan edo San Adrianen egingo dute, eguraldiaren arabera: "Ez dauka inolako zailtasunik eta mendi ezezaguna, ermita polita eta metal-ur iturri ederra ezagutzeko aukera izango dugu", jakinarazi du Oier Etxebarriak.
Ikastetxeetako guraso elkarteek, Kuku Mikuk eta Udalak osatutako Guraso Foroak iaz abian jarritako egitasmoak gogotsu ekin dio ikasturteari. 30en bat neska-mutiko eta beste horrenbeste guraso elkartu ziren Murun: "Eguraldia ederra izan zen eta gorako bidea gehienek denbora luzean gogoratuko dute: kosta egin zitzaigun, baina abentura polita izan zen", dio Etxebarriak.