Diru-laguntza jasoko du gainera, Foru Aldundiak kirol ekipamenduetarako gordeta daukan partida batetik; hala, 25.000 euro lortu ditu. Lanak hilabeteko epean bukatuko dituzte.
Herritarren eskaera kontuan hartuta egingo du Udalak skate parkea: "Gazteek behin eta berriz eskatutako instalakuntza da", jakinarazi du Unai Elkoro alkateak. Hain zuzen otsailean onartutako 2016ko Udal aurrekontua partida bat onartu zuten horretarako.
Futbol zelaiaren proiektua
Deba ibaiaren alboan dagoen zelaiaren zatian jarriko dute skate parkea. Libre dagoen gainerako zatian futbol zelaia egiteko eskaera egin zion UDAk, eta Udala ados agertu zen horrekin: "UDAk behar baten berri eman zigun eta guk horri erantzun gura diogu", adierazi du Mikel Uribetxebarriak, kirol zinegotziak. Hala, proiektua egiten dabiltzala onartu du: "Proiektua egiten hasita daude eta bukatutakoan erabakiko da zer egin, horren aurrekontua ere jakin beharko da eta".
Araba ibilbidea asfaltatzea
Azaroan beste lan batzuk ere egingo dituzte herrian, Araba ibilbidea asfaltatu, esaterako: "Negargarri dago eta derrigorrean berritu behar da", dio alkateak. Probisa enpresak egingo ditu lan horiek, eta kostua 84.084 euro da. Bost egunetan lanok bukatuta izango dituztela jakinarazi dute.