Euskadiko Karate Txapelketak txapelduna ere utzi du etxean, Eneko Calvo

Mirari Altube Arrese 2016ko urr. 27a, 14:37
Aretxabaletako karate jokalariak, Odilo Vazquez entrenatzailea eta Odei Vazquez epailea.

Joan den domekan, Ibarra kiroldegian, jokatutako Euskadiko Karate Txapelketarekin oso pozik daude antolatzaileak, UDAko Karate Saileko kideak. Gainera, borobiltzeko, emaitza politak lortu zituzten etxekoek, besteak beste, Eneko Calvok lehen postua eskuratu zuen junior mailan (76 kilotik gorakoa).

"Txapelketa arrakastatsua izan da, bai jokalari kopuruari dagokionez, bai ikusleei dagokienez, baita antolakuntzari dagokionez ere. Izan ere, 200 jokalaritik gora elkartu ziren, harmailak bete-beteta, eta giro ezin hobea harmailetan zein pistan", jakinarazi du Odilo Vazquezek, Karate Saileko arduradunak, eta gaineratu: "Jende askok zoriondu gaitu antolatze lanengatik, eta Aretxabaletan daukagun kiroldegiagatik".

Txapeldunak Donostiara entrenatzera

Etxekoek lortutako emaitzekin ere pozik agertu da Vazquez.  Eneko Calvo txapelduna izan zen (juniorra, 76 kiloz gainekoa) eta hirugarren postuetan geratu ziren Alex Benitez (kadetea, 70 kiloz azpikoa), Oxel Vazquez (21 urtez azpikoa, 60 kiloz azpikoa) eta Andoni Martin (junior, 76 kiloz gainekoa); Martin eta Calvo aurrez aurre izan ziren finalaurrekoan.
 
Azaroaren 26an eta 27an Espainiako Txapelketa jokatuko da Tenerifen eta orain hura gertatzen hasiko dira jokalari onenak. Hala dio Vazquezek: "Aste honetan entrenamenduetako jarduna jaitsi egin dugu indarrak berreskura ditzaten; izan ere, azaroaren 13an kategoria bakoitzean lehen eta bigarren izandakoak, eta hirugarren geratutako batzuk Donostian elkartuko dira entrenatzeko. Han erabakiko dute zeintzuk joango diren Espainiako Txapelketara. Ez da samurra izango sailkatzea, 30 lagunendako bakarrik dagoelako lekua".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak