Urtero legez Kurtzeberri Eskolako DBHko laugarren mailako kideek elkartruke astea egin dute. Iaz bezala Cuijk herriko Merletcollege ikastetxeko kideak astebetez etorri dira Aretxabaletara, baina aurten laugarren mailan dagoen ikasle kopuru altuak eraginda Oss hiriko Maaslandcollege ikastetxeko kideak ere etorri dira.
Zapatuan egin zieten ongi etorria Azbeko geltokian bertan, eta domekan familia eguna egin zuten.
Astelehenean harrera ofiziala egin zieten lehen hezkuntzako aretoan, eta ondoren Lastur eta Mendaro ingurura irteera egin zuten. Asteartean, erdizka lauetan dantzaldia egin zuten Aretxabaletako plazan, bertako ikasleekin batera. Asteazkenean Sopelan surf ikastaroa egin ondoren Guggenheim museoa bisitatu zuten, eta atzo, osteguna, Donostiara joan ziren egun pasan.