UDAren Asteburu Mundiala ekintzez beteta

Xabi Gorostidi 2016ko urr. 20a, 11:56

Bihar, egubakoitza, talde guztien aurkezpena eta familia argazkia egingo dituzte, eta 70. urteurrenaren harira Aitor Ziardegik sortutako ereserki berria ere aurkeztuko dute. Zapatuko saiheski janak eta domekako karate txapelketak osatzen dute egitaraua

UDA elkarteak asteburu mundiala prestatu du, gaurtik hasi eta domekara arte. Klubaren 70. urteurrena da aurten, eta denboraldi berezia izango UDAko familiarentzat.
Bihar, egubakoitza, 17:30ean, 23 taldeen aurkezpena egingo dute. Emakumezko eta gizonezko futbol taldeek, areto futbolekoek, gimnasia erritmikokoek, eskupilotakoek eta karatekoek argazki ofiziala atera ostean, familia argazkia egingo dute.


Ondoren, 19:00etan, Aitor Ziardegi musikariaren ereserki berria plazaratuko dute. Orain arteko ereserkia bere aitona Demetrio Iriartek konposatu zuen, eta hori oinarri hartuta, doinu modernoago bat sortu du.

Euskadiko Karate txapelketa

Domekako Euskadiko Kadete, Junior eta 21 azpiko 2016 Karate Txapelketa da klubaren asteburuko beste osagai bat. Autonomia mailako dominak jokoan egoteaz gain, lehiaketa honek azaroak 25, 26 eta 27an Tenerifen ospatuko den estatuko txapelketarako sailkapena lortzeko ere balioko du. UDAko taldetik  Joanna Pérez eta Alex Benítez (kadete), Eneko Calvo eta Andoni Martín (junior) eta Oxel Vázquez (21 azpi) hartuko dute parte, kumite modalitatean. EAEko 214 karatekek eman dute izena, eta tartean Xabier Pereda izango da, otsailean Txipren Europako Junior txapeldun titulua lortu zuen karateka bizkaitarra.

Antolakuntzaren erronka

"Aurtengo erronka nagusia, kirol arloan baino gehiago antolaketa arloan izango dugu" adierazi du Agurtzane Elkoro UDAko lehendakariak. Arizmendirekin egindako elkarlan hitzarmenagatik, emakumeen hiru futbol talde izango dira klubaren barruan, Arizmendi-UDA izenarekin. Horri plan estrategikoan onartutako Parte Hartu egitasmoa ere gehitu behar zaio. "Futbolean jokatu nahi duen bailarako edozein gaztek, ona edo txarra izan, gure klubean jokatzeko aukera izatea adostu genuen plan estrategikoan. Jartzen dugun baldintza bakarra asistentziarekin eta jokabidearekin lotutako diziplina arauak betetzea da. Horretarako, gutxienez, errendimenduko eta parte hartzeko talde bat egongo da alebin, infantil eta kadete mailetan. Horrek talde gehiago edukitzea eragiten du, eta emakumeen hiru taldeak gehituz gero, antolaketa lan handia eskatuko digu."


Futbolean, emakumezkoen talde nagusiak lautik lau garaipen lortu ditu eta gizonezkoenak, aldiz, seitik sei. Hala ere, Elkorok ez du helburu konkreturik finkatu. "Gure taldeetan 500 haur inguru ari dira, beraz, gure helburu nagusia ahalik eta aretxabaletar gehienek kirola egitea da. Lehen taldeak hirugarren mailara edo euskal ligara igotzea gustatuko litzaiguke, baina ez diegu helburu izaera ematen"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak