%0,3ko igoera izango dute zergek eta tasek orokorrean 2017an

Zerga eta tasa gehienek %0,3ko igoera izango dute 2017an Aretxabaletan; salbuespen bakarra kiroldegiko tasa da, hori %1,5 igoko dute. Hala onartu zuten atzo egindako ezohiko osoko bilkuran, Udal gobernuaren eta EH Bildukoen aldeko botoekin.

KPIren igoera izango dutenen artean daude ibilgailuen zerga, kanposantuko tasa eta Iturrigorri pilotalekukoa. Salbuespena da kiroldegiko zerbitzua, horrendako %1,5eko igoera proposatu zuten, ordutegia luzatzeko asmoa dutelako datorren urtean.

Horrez gain, udalekuek, ludoteka zerbitzuak eta pintura eskolek 5 euroko igoera izango dute "autofinantzaziotik oso urrun" daudelako. Eta beste batzuk ez dute igoerarik izango, hondakinei eta urari dagozkionak esaterako, eta baita etxebizitzen gainekoa ere, aurretik onartu zelako hori.

EH Bildukoek hainbat emendakin

EH Bilduk hainbat emendakin aurkeztu zizkion Udal gobernuaren proposamenari, eta horietako hainbat onartu egin zizkioten.

Etxebizitzei dagokien tasak aldaketarik ez izan arren, hutsik dauden etxeek %100eko errekargua izatea onartu zuten. Eta herrian dauden 240 etxe hutsak merkaturatzeko proposamenak egin zituzten. Hala, berriztu beharra duten etxeetan egin beharreko lanei %95ko hobaria ezartzea onartu zuten, beti ere errentan emateko izanez gero.

Bestetik, hondakinek 123.000 euro inguruko defizita sortu dutela jakinik, EH Bilduk eskatu zuen sarrerak eta gastuak orekatzera jotzeko. Alkatea bat etorri zen horrekin, eta hori lantzeko konpromisoa hartu zuen.

Kiroldegiko igoerarekin ez ziren ados agertu EH Bildukoak, eta ludoteka, udaleku eta pintura eskolen igoera plangintza baten barruan sartu behar dela adierazi zuten. Hala ere, ordenantza fiskalen alde bozkatu zuten elkarlanerako borondatea agertu izanagatik Udal gobernuak.

Irabaziko zinegotzi Luis Mariano Gomezek, ostera, abstentziora jo zuen, esanaz "errenta hartu behar dela oinarri igoerak proposatzerakoan".

Bi kontrataziotarako pleguak

Bestetik Irabaziko zinegotziak bi mozio aurkeztu zituen bata Udalen konpetentzien murrizketaren aurkakoa, eta bestea, etxeko langileendako lan duinak eskatzeko. Biak ala biak aho batez onartu zituzten.

Eta bi kontrataziotarako pleguak ere onartu zituzten osoko bilkuran: bata, Ibarra kiroldegiko kirol zerbitzuak kontratatzeko, eta bestea, etxez etxeko laguntza zerbitzua kontratatzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.