Behin edukiontzia jarrita horiek erabil daitezkeela jakinarazi du Unai Elkorok, alkateak: "Hainbat tokitan zintzilikarioak kendu egin behar dira edukiontziok jartzeko, hortaz, derrigorrean erabili behar. Hala ere, astelehen eta martitzenean oraindik pasatuko dira zintzilikariotako ontziak jasotzera. Eguaztenetik aurrera, ez". Alkatearen esanetan bilketa sistema berriak "ondo funtzionatu" beharko luke; gainera, herritarrek "erosotasunean irabazi" egingo dute.
Cesparekin negoziatzen
Sistema aldaketak hainbat atzerapen izan ditu. Azken horien arrazoia da Cespa enpresarekin, zerbitzua ematen duen enpresarekin, adostasunera iritsi nahia langileengan ahalik eta eragin txikiena izateko: "Kamioien ibilbideak aldatu egin dira eta horrek bi langileri eragingo die; hori negoziatzen ibili gara", dio Elkorok.
Txartelak jasotzeko
Hondakin organikoaren eta errefusaren edukiontziak zabaltzeko txartelak beharko dira eta gehienak dagoeneko banatu dituzte. Hala ere, baten batek behar izanez gero Durana kalean dagoen hondakinen informazio bulegora jo daiteke egubakoitzetan (09:30-12:30) edo Mankomunitatera deitu eskatzeko (943-79 33 99).