Guztira 123 lan jaso dituzte, 46 argazkilarik bidalitakoak. Horietako hainbat debagoiendarrak dira: arrasatearrak, aramaioarrak, eskoriatzarrak, antzuolarrak… Baina kanpotik ere bidali dituzte lanak: "Leku askotatik bidali ere: Madriletik, Sevillatik, Kantabriatik, Valentziatik, Ciudad Realetik, Bartzelonatik, Lleidatik, Cadizetik, Balear Uharteetatik… Baita itsasoz beste aldetik ere, Mexikotik hain zuzen", jakinarazi du Julen Abasolok, Arientzako eskolako kideak.
Kanpaien atzean dauden lagunak ezagutzera ematea izan da lehiaketaren helburua: "Eta horixe jaso dute ia argazki guztiek. Argazkiari komentario bat gehitzea ere eskatu genien, eta guretzat, Arientzako kanpai-joleontzat gehigarri ederra bilakatu da", dio.
Epaiaren berri urriaren 7an
Epaimahaiko kideek –Kultura Saileko ordezkari bat, argazkilari adituak eta kanpaien munduarekin zerikusia duten lagunak– argazkiotatik 30 bat aukeratuko dituzte, eta horien artean banatu gero sariak. Epaiaren berri urriaren 7an, hurrengo egubakoitzean, emango dute, baina sari banaketa eguna zehaztu barik daukate oraindik: "Irabazleek bertara etorri behar dute saria jasotzera, hortaz, horiekin adostuko da eguna. Edozein modutan ere urrian izango da", argitu du Abasolok, eta gaineratu: "Izan ere, lehiaketaren beste helburuetako bat Aretxabaleta jendeari ezagutaraztea da eta mapan kokatzea".
Argazkiak urria osoan egongo dira ikusgai Arkupen.